Athletic Club
Hauteskundeak
Jon Uriartek Carlos Aviña jarriko du Athleticeko futbol-zuzendari hauteskundeak irabaziz gero
EITB MEDIA
Bilbotar klubeko presidentegaiak astearte honetan aurkeztu du kirol-arlorako bere proiektua, ostiraleko hauteskundeetan irabazle irtengo balitz. Baieztatu duenez, Iraia Iturregik emakumezkoen taldearen entrenatzailea izaten jarraituko luke.
Jon Uriarte Athleticeko presidentegaiak iragarri duenez, Carlos Aviña izango da bilbotar klubeko futbol-zuzendaria, baldin eta ostiraleko hauteskundeetan haren hautagaitza irabazle irtengo balitz. Uriartek, astearte goizean, kirol-arlorako duen proiektua aurkeztu du, eta baieztatu ere baieztatu du Iraia Iturregik emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea izaten jarraituko lukeela. Dena den, ez du zehaztu nork hartuko lukeen gizonezkoen lehen taldearen entrenatzaile-kargua; "ondorengo orduetan" egingo du hori, "24 edo 48 izan litezke, kanpainaren dinamikaren arabera unerik egokienean", Uriarteren eta haren taldearen iritziz.
Testuinguru honetan, Carlos Aviñak, 31 urteko mexikarra bera, Athleticeko futbol-zuzendaria izango da, Uriarteren hautagaitzak bazkideen botorik gehien jasoko balitu. Mexikoko Amerikan, Monakon eta Cercle Brugge taldeetan ibilitakoa da: "Profil berritzailea da, eta esperientzia ere badu", nabarmendu du Uriartek; "gurea bezalako lan-etika du, lanaldi oso luzeekin".
"Big datan aditua da, futbol-mundua eraldatzen ari den belaunaldi berrikoa. Carlos garrantzitsuenetakoa da talde horretan", azaldu du Xabi Alvarez hautagaitzako kideak mexikar teknikariaren gainean.
Aurkezpena amaituta, baina, Jon Uriarteren hautagaitzak agiria zabaldu du, eta iragarri egin du ikerketa abiatuko duela, datozen orduetan, Aviñak ustez duela urte batzuk sare sozialetan egindako adierazpen jakin batzuen gainean. Alde batetik, horren helburua izango da adierazpen horien egiazkotasuna egiaztatzea; esan dutenez, aurkezpena egin aurretik jakinarazi diete adierazpen horiek zeudela. Adierazpenak "ez datoz bat gure hautagaitzarekin, inola ere ez. Onartezinak dira eta aurrez aurre talka egiten dute hautagaitza osatzen dugun pertsonen printzipioekin eta balioekin", nabarmendu dute. Hautagaitzak adierazpenen protagonistarekin hitz egingo du hurrengo orduetan.
Jon Uriartek baieztatu du Iraia Iturregik emakumezkoen lehen taldeko entrenatzailea izaten jarraituko duela, hauteskundeak irabaziz gero. Xabier Arrieta izango da emakumezkoen arloko arduraduna (15 urte eman ditu Bizkerre getxoztar taldean), eta Sergio Navarro izango da Lezamako zuzendaria; azken hori Vila-realen, Rubin Kazanen eta Levanten ibilitakoa da.
Gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileaz, baina, ez du izenik eman; argi utzi du, hori bai, "filosofiarekin bat egin behar duela" entrenatzaile horrek, "joko-eredua eztabaidaezina baita", Alvarezen esanetan. "Bizia, eta ausarta. Rock and rolla nahi dugu", esan du hainbatetan Uriartek ezarri nahi duen futbolari buruz.