Itxi

Athletic Club

Finala Calderonen

Llorente Kopako goleatzailerik onena izan daiteke

Erredakzioa

Gutxienez gol bat gehiago sartuta, denboraldi bakarrean 30 gol lortuko lituzke Errioxako aurrelariak. Gol kopuru hori denboraldi bakarrean lau jokalarik baino ez dute lortu Athleticen historian.

  • Fernando Llorente Athleticeko aurrelaria. Argazkia: EITB

    Fernando Llorente Athleticeko aurrelaria. Argazkia: EITB

Fernando Llorente Athleticeko jokalaria Bartzelonaren aurkako Errege Kopako finalean gutxienez gol bat gehiago sartuta txapelketako goleatzailerik onena bihurtuko litzateke, baina Pablo Infante Mirandeseko jokalariarekin berdinduta. Era berean, denboraldi bakarrean 30 gol lortuko lituzke Errioxako aurrelariak. Gol kopuru hori denboraldi bakarrean lau jokalarik baino ez dute lortu Athleticen historian.

Aurrelari zuri-gorriak bost gol sartu ditu Kopan denboraldi honetan, Burgoseko erdilariak baino bat gutxiago. Mallorcari gol bat sartu zion final-laurdenetan eta beste lau Mirandesi finalerdietan.

Finala joka dezaketen jokalarien artean, Cesc Fabregasek du gertuen Llorenteren marka. Fabregasek hiru gol egin ditu Kopan orain arte. Iniestak, Messik, Thiagok, Cuencak eta Puyolek (azken hau baja izango da) bi gol sartu dituzte txapelketan, eta baita Iker Muniain Llorenteren taldekideak ere.

30 gol

Vicente Calderonen gol bakarra sartu ezkero denboraldiko 30. izango litzateke Errioxako jokalariarentzat. 30 gol izango lirateke 53 neurketa ofizialetan: 32 norgehiagoka Ligan, 15 Europa Ligan eta 6 Kopan, ostiralekoa zenbatuta.

Athleticen historian 30 gol sartu dituzten jokalariak lau izan dira: Telmo Zarrak 1944-1945 (34), 1946-1947 (36), 1948-1949 (31), 1949-1950 (36), 1050-1951 (46) eta 1952-1953 (30) denboraldietan; Daniel Ruiz Bazan 'Danik' 1979-1980 (30) denboraldian eta Augusto Saito 'Batak' 1930-1931 (37) denboraldian.