Itxi

Athletic Club

Santander Liga

Defentsako akats batek Athleticen denboraldiko lehen porrota eragin du Espanyolen aurka (0-1)

I. G. | EITB MEDIA

Vivianen eta Yerayren arteko komunikazio faltaren ondorioz, Braithwaite bakarrik geratu da Unai Simonen aurrean, eta garaipenaren gola sartu du perikitoentzat.

  • Yaray Braithwaite gelditu nahian golaren jaurtiketan

    Yaray Braithwaite gelditu nahian golaren jaurtiketan. Argazkia: EFE

Martin Braithwaitek 83. minutuan sartutako golak denboraldiko lehen porrota eman dio Athletici Espanyolen aurka, Txapeldunen Ligan sendotzeko aukera galduta.

Athletic - Espanyol partidako laburpena (0-1)

Athleticek ez du nahikoa argitasun izan arriskua sortzeko, eta minutuek aurrera egin ahala, itzaliz joan da.

Ezusteko gutxi izan dira bi taldeen hamaikakoetan. Valverdek astelehenean Cadizen zelairatu zuen talde beraren aldeko apustua egin du, emaitza bikainekin, eta Martinezek bere azken bi fitxaketak atera ditu, Alvaro Fernandez eta Martin Braithwaite.

Jokoaren ekimena area inguruan pilota ondo mugitu duen Athletici egokitu zaio, baina ekintzak alboko erdiraketekin eta ia arriskurik sortu ez duten urrutiko jaurtiketekin amaitu ditu.

Bilboko koadroak ezker hegaletik jo du batez ere Alex Berenguerrekin. 21. minutuan nafarrak erdiraketa bikaina egin du, baina Iñaki Williams ez da iritsi.

Nico Williamsek ere ez du asmatu bere anaia Iñakiri behar bezalako pasea ematen.

Baina, zalantzarik gabe, aukerarik argiena lehen zatia amaitu ordukoa izan da. Berenguerrek zutoinera jaurti du indarrez jositako jaurtiketa, Muniainek zeharka egindako falta baten ondoren.

Athletic tematuta zegoen, baina argitasuna eta zehaztasuna falta izan zaizkio zelaiaren azken laurdenean ondo defendatu duen Espanyolen estutzeko.

Etxekoek ez dute etsi. Golik gabeko berdinketarekin, Espanyolek eman du behin betiko astindua.

Sergi Darderrek pase sakon bat eman dio Braithwaiteri. Danimarkarrak Dani Vivian eta Yeray Alvarez atzean utzi ditu, eta Unai Simonen aurrean bakarrik jarri da jaurtiketarekin garaipenaren gola sartzeko.

Fitxa teknikoa

0.- Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Lekue (Morcillo, 84. min); Vesga, Sancet (Vencedor, 71. min), Muniain; Nico Williams (Guruzeta, 56. min), Iñaki Williams (Raul Garcia, 71. min) eta Berenguer.

1.- Espanyol: Alvaro Fernandez; Oscar Gil, Calero (Omar, 70. min), Cabrera, Brian Olivan; Edu Exposito (Keidi Bare, 46. min, Simo, 61. min), Vini Souza; Puado (Lazo, 70. min), Darder, Braithwaite (Dani Gomez, 86. min); eta Joselu.

Gola: 0-1, 83. min: Braithwaite.

Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horia atera die Sancet (53. min), De Marcos (90. min) eta Vencedorri (93. min) Athleticen aldetik, eta Cabrera (48+. min) eta Dani Gomezi (91. Min) Espanyolen aldetik.