Itxi

Athletic Club

MARKA BERRIA

Unai Simon izango da Athleticekin ligako partida gehien jokatuko dituen bederatzigarren atezaina

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gasteiztarrak 129. neurketa jokatuko du datorren larunbatean Reale Arenan Realaren aurka.

  • Unai Simón

    Unai Simón. Argazkia: EFE

Unai Simon Athleticeko atezain internazionalak bere 129. liga partida jokatuko du talde zuri-gorriarekin datorren larunbatean, Reale Arenako euskal derbian Realaren aurka. Horrela, Iñaki Lafuente gaindituz (128), txapelketa honetan partida gehien jokatuko dituen bederatzigarren atezaina izango da Bilboko taldearen historian.

Simonek (Gasteiz, 1997-6-11) Jose Angel Iribar mitikoa izango du aurretik sailkapen historiko horretan, 466 neurketekin, baita Carmelo Cedrun (334), Gorka Iraizoz (315), Raimundo Perez Lezama (197), Juanjo Valencia (172), Andoni Zubizarreta (169), Dani Aranzubia (162) eta Vicente Biurrun (151) ere.

Kadete mailatik Lezaman hezitakoak ustekabeko debuta izan zuen lehoi gisa 2018ko abuztuaren 20an, San Mamesen, Leganesen aurka, ordura arte Bigarren Mailan zegoen Elxen utzita egon ostean.

Eduardo Berizzo entrenatzaileak jokalaria Martinez Valerorako bidean jarri eta hiru astera bueltan ekartzea erabaki zuen; izan ere, Kepa Arrizabalagak Chelseara alde egin zuen, Iago Herrerin lesionatu egin zen eta Alex Remiro nafarrak kontratua berritzeari uko egin zion.

Zazpi partida jokatu ondoren, Herrerinen susperraldiak aulkira eraman zuen, eta denboraldi horretan (2018-19) Kopako lau partida jokatzeko bakarrik itzuli zen hamaikakora. Hurrengo denboraldian, ordea, titularra izan zen, eta arazo fisikoengatik, zigorragatik edo atsedenagatik izan ezik, gaur egun arte hala mantendu da.

Gainera, 2020ko azaroan nazioarte mailan debuta egin ondoren, Simonek 31 partida jokatu ditu Espainiako selekzioan, tartean 2020ko Eurokopa eta 2022ko Qatarreko Munduko Kopa. Baita ere, 2021ean zilarrezko domina eskuratu zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan.