Itxi

Athletic Club

SANTANDER LIGA

Athleticek merezitako garaipena atera du Mestallatik (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Nico Williamsen eta Sanceten golek eta Unai Simonen lan bikainak garaipena eman diete euskaldunei Europako postuetan sartzeko.

  • Nico Williams.

    Nico Williams. Argazkia: EFE

Athleticek landutako garaipena lortu du Mestallan, Valentziari 1-2 irabazita, garaipena lortzeko markagailua irauli behar izan duten partidan.

Valentzia - Athletic Club partidako laburpena

Valentzia, jaitsiera postuetan, lehen minutuetatik estutzen hasi da, eta hori zelaian nabaritu da. Lehoiek ez zuten aurkariaren areara hurbiltzea lortzen eta etxekoen eskuin hegala amesgaiztoa izan da Athleticentzat Samu Castillejo eta Foulquierren jokaldi arriskutsuekin.

Cavanik zortzi minuturen buruan izan du etxekoen lehen abagunea, Linok ezker hegaletik erdiratu eta kanpora joan den burukada bat lotuta. Baina, handik gutxira, aurrelari uruguaitarrak partida utzi behar izan du min hartuta; Hugo Durok ordezkatu du.

Castillejok aurretik ere abisatu du, eta 17. minutuan sartu du markagailua ireki duen gola. Talde jokaldi baten ondoren, valentziarrak baloia ate barrura bidali du (1-0).

Euskaldunek erreakzionatu egin dute eta kontrakoetan oinarritu dira arriskua sortzeko. Nico Williamsek gertu izan du pase luze bat airean harrapatzea, baina baloiak ihes egin dio gutxigatik. Gutxiren buruan, Vivianek partida berdindu ahal izan du area txikira iritsitako baloia errematatuz, baina Musahk baloia ukitu du, atzelari bilbotarrak kolpea ez lotzeko adina.

Jokoa geldotzen hasi da, De Marcos eta Nico Williamsen arteko jokaldi batek markagailuan berdinketa jarri duen arte. Hegalekoak zelai erditik jaso du baloia eta pase sakon bat sartu du Williams anaietako txikienak abiaduran defentsetatik ihes egin eta Athleticentzat gola sartzeko (1-1).

Bigarren zatia hasi eta berehala Nicok bere taldea aurreratzeko aukera argia izan du. Muniainek pase altua eman dio, muturra atezainaren aurrean jartzeko. Baloia baztertzea lortu du, baina lurrera erori da eta ezin izan du jokaldia amaitu.

Handik gutxira, Unai Simonek gaueko bigarren geldialdi handia egin du bere taldearen norabide onari eusteko, urruneko jaurtiketa bat geldituz.

Hortik aurrera, partida jokaldien hartu-eman batbilakatu da. Athleticek gehiago nahi zuen, are gehiago Iñaki Williams Raul Garciaren ordez sartu denean, baina aukera zapuztu bakoitza Valentziak beste aukera batekin itzultzen zuen. Egindako falta ugariek ere ez dute jokoa garatzen lagundu.

72. minutuan, Muniainek etxekoen defentsaren irteera txarra aprobetxatu du baloia lapurtu eta Iñaki Williamsi sakonean emateko. Honek atzera pasea sartu dio Sanceti eta jokalari nafarrak ez du huts egin bere taldea aurretik jartzeko (1-2).

Unai Simonen geldiketa pare bat gehiago behar izan dira garaipena ixteko, eta lehoiek etsipenezko aurkari baten jazarpena jasan behar izan dute azken minutuetan.

Azken emaitzak seigarren posturaino igo du Athletic eta jaitsieran hondoratu du Valentzia.