Itxi

Athletic Club

Osasuna-Athletic, Kopan

Athleticeko bost jokalari lesionatu dira asteburuan, Osasunaren aurkako finalerdiaren atarikoan

EITB MEDIA

Nico Williams larunbateko entrenamenduan lesionatu zen; Simon, Morcillo, Yeray eta Raul Garcia, aldiz, Gironaren aurkako partidan. Iñigo Martinezek eta Herrerak, bestalde, aste batzuk daramatzate zelairatu ezinik.

  • Raul Garcia Gironaren aurkako partidan lesionatu da, igandean. Argazkia: EFE.

    Raul Garcia Gironaren aurkako partidan lesionatu da, igandean. Argazkia: EFE.

Osasunak eta Athleticek asteazkenean jokatuko dute Sadarren, 21:00etan, Kopako finalerdietako joaneko partida, eta Bilboko taldeak, neurketarako bi egun falta direnean, zazpi jokalari ditu lesionatuta; horietako bost azken 48 orduetan lesionatu dira. Hain zuzen, honako hauek dira: Nico Williams (larunbateko entrenamenduan lesionatu zen); Unai Simon, Jon Morcillo, Yeray eta Raul Garcia (Gironaren aurkako partidan lesionatu dira, igandean), eta Ander Herrera eta Iñigo Martinez (aste batzuk daramatzate zelairatu ezinik).

Yerayk abduktorea du minduta, eta igandeko partidan, San Mamesen, Ernesto Valverde entrenatzaileak ordezkatu egin zuen; hori bai, Athleticek emandako mediku txostenean ez da agertzen. Gainerako lesioak, baina, larriagoak omen dira. Ematen du asteburuan lesionatutako bostak baja izango direla Sadarren, Yeray bera barne.

Mediku txostenaren arabera, Unai Simonek "eskuineko Akiles tendoia" du minduta, eta "azterketa osagarriak egingo zaizkio datozen orduetan"; Morcillok "ezkerreko lepauztaia hautsita du", eta Raul Garciak "bihurritua du ezkerreko artikulazio akromioklabikularrean".

Nico Williamsen lesioaren berri Gironaren aurkako partida hasi aurretik eman zuen Athleticek; hain zuzen ere, "eskuin belauneko alboko lotailua bihurritu zuen" larunbateko entrenamenduan.

Arestian esan bezala, Iñigo Martinezek eta Herrerak zenbait aste daramatzate jokatu ezinik. Atzelariak oin zola du minduta, eta Valverdek ezin izan du deialdietan sartu urtarrilaren hasieratik; Herrerak, ordea, arazo muskularrak izan ditu azken asteotan.