Itxi

Athletic Club

Berritzea

Marianak Athleticekin zuen kontratua berritu du, 2025era arte

EITB MEDIA

Zizur Nagusiko erdilariak, 22 urtekoa bera, bi denboraldiz luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen kontratua. Denboraldi honetan, F Liga eta Kopa kontuan izanik, 22 partida jokatu ditu, eta jokalari garrantzitsua da Iraia Iturregi entrenatzailearentzat.

  • Mariana, kontratua berrituta, Jon Uriarte Athleticeko presidentearekin. Argazkia: Athletic Club.

    Mariana, kontratua berrituta, Jon Uriarte Athleticeko presidentearekin. Argazkia: Athletic Club.

Mariana Athleticeko erdilariak Athleticekin zuen kontratua berritu du, 2025era arte, Bilboko klubak asteazkenean jakitera eman duenez. Horrela, Marianak, 22 urtekoa bera, bi denboraldiz luzatu du talde zuri-gorriarekin zuen kontratua, eta Iraia Iturregi entrenatzailea pozik izango da horrekin, partida gehienetan zelairatzen baitu Zizur Nagusiko jokalaria; izan ere, Mariana, F Liga eta Kopa zenbatuta, 22 partidatan aritu da orain arte 2022-23 denboraldian.

Ardoi taldean hazi zen futbolari nafarra, eta Athleticek Osasunatik fitxatu zuen, 2017-18 denboraldian. 2020-21 denboraldiaren amaieran estreinatu zen Athleticeko lehen taldearekin, Iturregi entrenatzaile zebilela, eta 2021-22an bilakatu zen behin betiko lehen taldeko jokalari.

Erdilari sendoa da, indartsua, eta lan handia egiten du zelai erdian. Kontratua berrituta, Marianak adierazi du Bilboko klubak beragan duen konfiantza nabaritzen duela. "Hemen lan egiteko modua desberdina eta berezia da. Taldearen alde egiten ari den apustua ikusten dut, eta zenbat zaintzen ari den ere. Potentzial handia ikusten dut, eta asko dugu bizitzeko", esan du, Athleticek zabaldu duenez.