Itxi

Athletic Club

Athletic 2 - 2 Getafe

Iñaki Williams: "Badakigu Bordalas nolakoa den, lotsagarria da denbora hala galtzea, ez da futbola"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jose Bordalas Getafeko entrenatzaileak, bere aldetik, Williamsen hitzak "neurrigabeak" direla esan du. "Bota didan iraina esan dezala", gaineratu du partida osteko prentsaurrekoan.

  • Iñaki Williams eta Bordalasen arteko polemika, Athletic-Getafe partidan. EFE

    Iñaki Williams eta Bordalasen arteko polemika, Athletic-Getafe partidan. EFE

Iñaki Williams Athleticeko aurrelariak gogor hitz egin zuen Jose Bordalas Getafeko entrenatzailaren aurka, "denbora horrela galtzea lotsagarria dela" leporatuta. Hori ez dela futbola ere gaineratu zuen. Bordalasek, berriz, Williamsek iraindu egin zuela salatu zuen, San Mamesen 2-2 berdinketarekin bukatu zen neurketan.

"Lotsagarria iruditzen zait denbora horrela galtzea, hau ez da futbola. Ez da futbolaren parte. Azken minutuetan, adrenalinaz lepo, jarrera hori leporatu diot. Ez nago harro edin dudanaz, baina jokua horrela geratzeak ezintasuna eragiten dit", azaldu zuen Williamsek Europa Pressek bildutako adierazpenetan.

Partida amaieran tentsioa izan zen nagusi; izan ere, arauzko denbora bukatuta, Carmona lurrera joan zen, Getaferen aulkitik gertu. Orduan, Williams korrika joan zen Bordalasengana zerbait aurpegiratzera. Liskar horren ostean, epaileak entrenatzailea kanporatu zuen, txartel gorria erakutsita. "Badakit bere kontua dela, lehen mailan denok dakigu nolakoa den. Bera taldeak zertara jokatzen duen ere badakigu, eta zilegi den arren, askori ez zaigu gustatzen", esan zuen aurrelari zuri-gorriak.

Getafeko entrenatzaileari gaiaren inguruan galdetu zioten partida ostean: "Aukerari etekina ateratzeko hitzak dira, neurrigabeak, eta lekuz kanpo daude. Iñaki Williamsek esan dezala nola iraundu nauen, oso larria baita. Errespetuz jokatu behar da, nik beti egiten dudan moduan".

Bordalasen aburuz, "ulertezina eta onartezina" izan zen epaileak ateratako txartel gorria, eta ez zuen polemikaz gehiago hitz egin nahi. Partidari dagokionez, Getafe garaipenaren bila irten zela azpimarratu zuen.