Itxi

Athletic Club

2-1, itzulerako partidan

Athleticek gehiegi sufritu du, Slaven kanporatzeko

Erredakzioa

Bielsaren atldeak Europa Ligan aurrera egingo du, Kroaziako taldearen aurka etxetik kanpora 2-1 galduta. San Mameseko emaitza (3-1) ondo kudeatu dute zuri-gorriek.

03:08
Slaven-Athletic (2-1), norgehiagokako golak

Athleticek Europa Ligan aurrerapausoa eman du, Kroaziako Slaven taldea kanporatuta. Bilboko taldeak 2-1 galdu itzulerako neurketa, baina San Mamesen Bielsaren mutilek 3-1 irabazi zuten eta hurrengo faserako txartela zuri-gorriek eskuratu dute.

Neurketako aurreneko abagunea Ander Iturraspe zuri-gorriak izan du, baina Slavenek gogor sakatuta norgehiagokako kontrola arazorik gabe hartu du. Athleticek berdegunean atzerapauso nabarmena eman du, eta Bubnjicek eta Delicek Iraizoz gainditzeko bi aukera garbi izan dituzte.

Marcelo Bielsaren mutilek baloia erdigunean erraz galdu dute, eta Marasek 1-0eko lortu du, lehenengo zatiko 27. minutuan. Zuri-gorriek berdinketaren gola bilatu dute, baina Susaetaren eta Ibai Gomezen jaurtiketak zuzenean kanpora joan dira. Atsedenaldia heldu aurretik Puricek Slavenen bigarren gola lortzeko abagune bikaina izan du, baina bere saiakera zuzenean zutoinera joan da.

Bigarren zatian, Bielsak Llorente, Muniain eta Ruiz de Galarreta zelairatu ditu, eta zuri-gorriek partidaren kontrola hartu dute. Jarraian, neurketako 47. minutuan, Iker Muniainek markagailuan 1-1ekoa jarri du, Fernando Llorenteren pase eder bati esker.

Errioxako aurrelariak, 55. minutuan, Athleticen bigarren gola lortzeko abagune aparta izan du, baina saiakera oso desbideratuta kanpora joan da. Ismael Lopez gazteak ere gola lortzeko aukera argia izan du, baina Slaven taldeko atezainak gelditu erabakigarria egin du.

Slavenek erasoan sakatzen jarraitu du, eta Gregurinak markagailuan 2-1ekoa jarri du, aldaratze bat ederki aprobetxatuta. Kroaziako taldeak erasoan min egiten jarraitu du, eta Gusicek hirugarren gola lortzeko abagunea izan du. Hala ere Slaveneko jokalariaren jaurtiketa kanpora joan da, eta 2-1ekoarekin zuri-gorriek Europa Ligan aurrera egingo dute.

- Fitxa teknikoa:

2.- NK Slaven: Rodic; Kokalovic, Glavica, Bubnjic; Puric, Canadija (Grgic, 74. minutuan), Batarelo (Gregurina, 66. minutuan), Maras; Rak; Bucic eta Delic (Vugrinec, 58. minutuan).

1.- Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, Ekiza (Ruiz de Galarreta, 46. minutuan), Iñigo Perez; Iturraspe; Ibai Gomez (Muniain, 46. minutuan), Toquero (Llorente, 46. minutuan), De Marcos, Isma Lopez; eta Susaeta.

Golak: 1-0, 27. minutuan: Maras. 1-1, 47. minutuan: Muniain. 2-1, 68. minutuan: Gregurina.