Athletic Club
4-0 Atletico Madrilen aurka
Athleticek jipoia hartu du Vicente Calderon zelaian
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak 4-0 galdu du Atletico Madrilen aurka. Falcaok hiru gol sartu ditu, eta Tiagok egin du laugarrena.
-
Falcao Athletici sartutako hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Partida hasieran Atletico Madril izan zen jaun eta jabe, baina Simeonek zuzentzen zuen taldeak ez zuen gol aukera argirik sortezn. Athleticek ez zuen zelai erdia gainditu lehen hamabost minutuetan. Lehen ordu laurdena pasata, Athleticek bere jokoa hobetu zuen. Talde bizkaitarraren momentu onenean etorri zen Atletico Madrilen lehen gola. San Josek kale egin zuen, Falcao area barrura sartu zen eta Iraizozen irttera ustelaren aurrean, baloia sare barrura bidali zuen (1-0).
Lehen gola sartuta, Atletico Madrilek atzera egin zuen, eta Athleticek baloiaren jabetza izan zuen. Teixeira Vitienes epaileak ez zuen Juanfranek Ander Herrerari egindako penalti argia adierazi, eta 42. minutuan, Atletico Madrilek 2-0ekoa sartu zuen. Falcaok egin zuen koltxoneroen bigarren gola, baina erdiraketa egin zuen Godin argentinarra jokoz kanpoko posizioan zegoen. Epaileak, ordea, ez zuen gola legez kanpo utzi. Madrildarren aldeko 2-0eko emaitzarekin iritsi zen partida atsedenaldira.
Bigarren zatian gogotsu zelairatu zen Athletic. Bielsak aldaketa bikoitza egin zuen; Susaeta eta San Jose kendu zituen, Muniain eta Ibai Gomez zelairatzeko. Bigarren zatiko lehen minutuetan itxura polita eman zuen talde bizkaitarrak, baina 59. minutuan, epaileak Atletico Madrilen aldeko penaltia adierazi zuen. Gurpegik eskuarekin moztu zuen jaurtiketa. Falcaok jaurti zuen penaltia, eta erraz gainditu zuen Iraizoz (3-0).
Hirugarren gola hartuta, Athleticek etsi egin zuen. Jokalariek ez zuten aldeak murrizteko ahalegin berezirik egin. Defentsako lanean intentsitate falta larria azaldu zuten Athleticeko jokalariek, eta horren eredu izan zen, 82. minutuan Atletico Madrilen erasoaldia geratzeko ahalegin berezirik ez egitea. Bi minutu geroago, 4-0ekoa sartu zuen Tiagok. Azkenean, emaitza horrekin bukatu zen partida (4-0), eta hiru puntuak Atletico Madrilek eraman zituen.
Fitxa teknikoa:
4 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe Luis; Mario Suarez; Arda Turan (Adrian, 64. min), Gabi, Koke, Cristian Rodriguez (Diego Costa, 71. min); eta Falcao (Tiago, 81. min).
0 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, San Jose (Muniain, 46. min), Gurpegui, Íñigo Perez; Iturraspe; Susaeta (Ibai Gomez, 46. min), De Marcos, Ander Herrera (Ruiz de Galarreta, 60. min), Ismael Lopez; eta Aduriz.
Golak: 1-0, m. 19: Falcao. 2-0, m. 42: Falcao. 3-0, m. 59: Falcao, penaltiz. 4-0, 84. min: Tiago.
Epailea: Fernando Teixeira Vitienes.