Athletic Club
Adierazpenak
Susaeta: 'Bi aldeetan presio handia dago'
Erredakzioa
"Beste neurketa bat gehiago bezala bizi behar da", baina euskal derbia "norgehiagoka pixka bat berezia" dela onartu du Athleticeko jokalariak.
"Beste neurketa bat gehiago bezala bizi behar da", baina larunbateko euskal derbia "norgehiagoka pixka bat berezia" dela onartu du Susaetak.
"Derbi bat zer den guztiek dakigu, eta danok irabazi nahi dugu. Niretzako plazer bat da derbia jokatzea", azaldu du Susaetak. Eibarren, bere jaioterrian, "neurketa hauek oso modu berezian bizi" direla adierazi du erdilari zuri-gorriak.
Athletic "egoera zailean helduko da partidara, nahiz eta iaz bezain okerra ez izan", Susaetaren hitzetan. Iaz Athleticek bi puntu zituen Anoeta bisitatu zuenean, baina 1-2 nagusitu zen eta bolada onari hasiera eman zion. Emaitza hark "bizitza eman" ziela onartu du gaur eibartarrak.
Reala "etxean talde oso serioa" dela azpimarratu du Susaetak. Txuri-urdinek aurrealdean "kalitate handiko" jokalariak dituztela esan du zuri-gorriak. Horregatik, "hutsik ez egitea eta baloirik ez galtzea" funtsezkoa izango dela uste du, "beraiek abagune askorik ez izateko". Izan ere, "huts egiten duenak ordaindu ohi du" partida hauetan, Susaetaren ahotan.