Itxi

Athletic Club

NEGUKO MERKATUA

Ander Herrera, Boca Juniorsera

EITB MEDIA

Ander Herrerari ekainean amaitzen zitzaion Athleticekin zuen kontratua. Jokalaria dagoeneko Buenos Airesen dago, Juan Roman Riquelmek zuzentzen duen klubarekin sinatzeko.

  • Ander Herrera, La Bombonera estadioan. Argazkia: Boca Juniors

    Ander Herrera, La Bombonera estadioan. Argazkia: Boca Juniors

Ander Herrerak Boca Juniorsen jokatuko du aurrerantzean. Bilboko jokalariari ekainean amaitzen zitzaion talde zuri-gorriarekin zeukan kontratua, baina bi aldeek "akordio ekonomikoa" adostu dute kontratuta bertan behera uzteko, klubak gaur baieztatu duenez.

"Athletic Clubek zorterik onena opa dio Ander Herrerari bere etorkizuneko ibilbide profesionalean, eta, aldi berean, eskerrak eman nahi dizkio urte hauetan guztietan erakundearen interesen defentsan erakutsitako arduragatik", adierazi du klubak ohar batean.

Herrera dagoeneko Buenos Airesen dago, osasun-azterketa egin eta Juan Roman Riquelmek zuzentzen duen klubarekin kontratua sinatzeko. Ondo bidean, Argentinako liga, Libertadores Kopa eta Kluben Munduko Txapelketa jokatuko ditu aurten.

Ander Herrera 1989ko abuztuaren 14an jaio zen, Bilbon. Profesional gisa, Zaragozarekin egin zuen debuta, Bigarren Mailan, 2009an.

2011-2012 denboraldian fitxatu zuen Athleticek, eta 2014-2015 denboraldian Manchester Unitedera joan zen. Lau titulu irabazi zituen han, Europa Liga bat tartean.

Ingalaterratik Frantziara joan zen, Paris Saint Germainera (2019), eta, besteak beste, Lionel Messi, Angel Di Maria eta Edinso Cavani izan zituen taldekide.

2022-2023 denboraldian bueltatu zen Athleticera, eta, iaz, Errege Kopa irabazi zuen talde zuri-gorriarekin. Guztira, bi aro ezberdinetan, 189 partida ofizial jokatu ditu Athleticekin. Denboraldi honetan, 14 neurketa jokatu ditu. Azkenekoz, Kopan aritu zen, Logroñesen aurka, Las Gaunasen.