Athletic Club
Kontratu berritua
Nico Serranok kontratua berritu du Athleticekin 2028ra arte
EITB Media
Iruñako 21 urteko jokalariak bi urtez luzatu du talde zuri-gorriarekin lotzen duen kontratua; hau da, 2028ko ekainaren 30era arte.
-
Nico Serrano, Ludogoretsi Europa Ligan sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE
Nico Serranok kontratua berritu du Athleticekin 2028ko ekainaren 30era arte. Hala jakinarazi du Bilboko klubak astelehen honetan, urtarrilaren 20an, komunikatu ofizial baten bidez.
Serranok 25 partida jokatu ditu Athleticen lehen taldearekin; horietatik zortzi, aurten, 2024-2025 denboraldian, eta bi gol sartu ditu. Marcelino Garcia Toral entrenatzaile zela egin zuen debuta lehen taldearekin, Vallecasen, Rayoren aurka, eta zuri-gorriei garaipena eman zien gol ikusgarria sartu zuen. Aurtengo sasoian, gola sartu zuen Ludogoretsen aurka Athleticek 1-2 irabazitako Europa Ligako partidan.
Jokalari zuri-gorria "ilusioz gainezka" azaldu da kontratua berritu ostean: "Sekulako zoriona da niretzat eta nire familiarentzat. Gogotsu nago klub handi honetako kide izaten jarraitzeko eta Athletic pozten segitzeko. Oso gazte etorri nintzen hona eta urtez urte oso ondo zaindu naute, oso gustura egon naiz hemen eta pozik nago bertan jarraitu ahal izateagatik. Oso berezia da, txikitatik amesten nuena, eta zelaira irteten naiezenean klub hau defendatzera saiatzen naiz dena ematen, % 100 ematen. Orain, inoiz baino gogotsuago nago hori egiten jarraitzeko".
Mikel Gonzalez Athleticen kirol zuzendariak hauxe esan du Nico Serranok kontratua berritu ostean: "Nicok 21 urte ditu eta esperientzia du jada futbol profesionalean, guztira, 65 partida pilatu baititu. Bere abilezia teknikoak erasoko hainbat postutan jokatzeko aukera ematen diote. Horrez gain, erdiratzeko zein jokaldiak amaitzeko gaitasun handia du. Gol gosea du. Jauzi handia eman zuen Racing Ferrolen utzita jokatutako epean, eta aurten minutuak eman dizkio Ernesto Valverde entrenatzaileak, partida garrantzitsuetan".