Itxi

Athletic Club

Europa League

Athleticek Europa Leagueko final zortzirenetako txartela ziurtatu nahi du Besiktasen aurka

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Batetik, Oihan Sancet ez da lehoien deialdian sartu, ez dagoelako jokatzeko moduan; Turkiako taldeak, bestetik, entrenatzaile berria du, Ole Gunnar Solskjaer Manchester Unitedeko jokalari eta entrenatzaile ohi norvegiarra.

  • Athleticen artxiboko irudia Europa Leaguen, Slavia Pragaren kontra

    Athleticen artxiboko irudia Europa Leaguen, Slavia Pragaren kontra. EFE

Athleticek Besiktasi egingo dio bisita, historian hirugarren aldiz, asteazken honetan, 16:30etik aurrera Istanbulgo Tüpras Stadyumu estadioan, Europa Leagueko final zortzirenetako bidea ziurtatzeko helburuarekin. Gaur egun, talde zuri-gorria Liga faseko bigarren postuan dago, 16 punturekin, Lazio liderrarekin berdinduta.

Turkiako taldea, ostera, hogeita zortzigarren dago, orain arte jokatutako sei partidetatik lau galduta. Orobat, aipatzekoa da Besiktasek entrenatzaile berria duela: Ole Gunnar Solskjaer Manchester Unitedeko futbolari eta entrenatzaile ohi norvegiarra, hain zuzen. Taldeak ez zuen inor aulkian, joan den hilean Giovanni van Bronckhorst joan zenez gero.

Bi taldeek 2004ko azaroan jokatu zuten elkarren aurka azkenekoz, UEFA txapelketako final hamaiserenetara sailkatzeko ligaxkan. Orduan ere Ernesto Valverdek entrenatzen zuen Athletic. Besiktas izan zen nagusi partida hartan: 3-1. Aste honetako norgehigoka kontuan izanik, Besiktas izango da Athleticek sarrien aurrean izan duen Turkiako arerioa.

Valverdek 25 jokalari deitu ditu jardunaldi honetarako, eta Oihan Sancet kanpoan geratu da. Honako hau da Istanbulera bidaia egingo duten jokalarien zerrenda: Simon, Agirrezabala, Santos, Gorosabel, Vivian, Paredes, Yeray, Vesga, Berenguer, Williams, Williams Jr, Djalo, Guruzeta, Nuñez, Lekue, Ruiz de Galarreta, Yuri, De Marcos, Marton, Gomez, Serrano, Jauregizar, Prados, Canales eta Adama.