Athletic Club
Europa Liga
Athleticek argi galdu du Besiktasen aurka (4-1), eta aurrenekoz atera da galtzaile Europa Ligan
EITB MEDIA
Rashicak egin du partidako lehenengo gola, Unai Gomezek berdinketa egin du atsedenaldira joan aurretik, eta, bigarren zatian, berriro Rashicak, Rafa Silvak eta Joao Mariok beste hiru golak sartu dituzte. Horrenbestez, Athleticek ez du ziurtatuta, oraingoz, final zortzirenetara zuzenean sailkatzea.


Athleticek galdu egin du, 4-1, Besiktasen aurka, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko zazpigarren jardunaldian, Istanbuleko Tupras Stadyumu futbol zelaian, asteazken arratsaldean. Milot Rashicak egin du partidako lehenengo gola, 17. minutuan, Unai Gomezek berdinketa egin du atsedenaldira joan aurretik, eta, bigarren zatian, berriro Rashicak, Rafa Silvak eta Joao Mariok, 60., 78. eta 92. minutuetan, Turkiako taldearen gainerako hiru golak sartu dituzte. Horrenbestez, Athleticek ezin izan du matematikoki ziurtatu sailkapeneko lehenengo zortzien artean amaitzea ligako fase honetan, eta, ondorioz, ez du bermatuta, oraingoz gutxienez, txapelketako final zortzirenetara zuzenean sailkatzea.
Ernesto Valverdek Julen Agirrezabala jarri du atepean, Unai Nuñez irten da hasieratik, Aitor Paredesekin batera, atzealdean, eta, erasoan, Alex Berenguer atera da eskuinaldean. Besiktasek hasieratik egin du presio gogorra, baina Athletic sendo aritu da aurreneko minutu horietan; hori bai, Turkiako taldeak sortutako lehenengo gol aukera baliatu du, markagailuan aurrea hartzeko: 17. minutuan, etxekoen jokaldi azkar eta trebea aprobetxatuz, Milot Rashicak area ertzean jaso, eta, jaurtiketa eder baten bidez, 1-0ekoa sartu du.
Athletic ez zebilen eroso, eta ezin zuen arriskurik sortu. Unai Gomez ezkerretara igaro da, Nico Williams ipini da eskuinaldean, eta Berenguer erdian, jokoari sakontasuna emate aldera. 45. minutuan, eskuineko hegaletik egindako jokaldi on baten ostean, Unai Gomezi area barruan iritsi zaio baloia, eta, ezkerrez ondo jaurtiz, 1-1ekoa egin du. Lehen zatiko azen jokaldia izan da. VARrean berrikusi egin dute gola, jokalari bermeotarra jokoz kanpo omen zegoen eta, baina, azkenean, epaileak balekotzat eman du.
Agirrezabalak geldiketa bikaina egin dio Immobileri, azken horrek gertutik errematea eginda, bigarren zatia hasi bezain laster, eta, seigarren minutuan, atezain errenteriarra, berriro ere, ezin hobeto aritu da, Rafa Silvaren aurrean, abagune oso argi batean. Baina Besiktasen gol aukerarik onena handik oso gutxira heldu da eta Unai Nuñezek ia atepetik atera du baloia.
60. minutuan, ondo egindako kontraeraso batean, Turkiako taldeak 2-1ekoa sartu du. Rashicak egin du, aurreneko golean egin bezala. Valverdek Ruiz de Galarreta eta Iñaki Williams atera ditu berdegunera, eta bilbotarrak, segituan, erdiraketa bikaina egin dio Guruzetari; donostiarraren errematea 2-2koa izatetik gertu izan da. Mikel Vesga Iñigo Ruiz de Galarretaren ordez zelairatu da; eibartarrak zazpi minutu eman ditu partidan, baina zelaia utzi behar izan du.
Beste kontraeraso on batean, Besiktasek 3-1ekoa erdietsi du; Rafa Silvak sartu du, Agirrezabalaren lehen aldaratzearen ostean, 78. minutuan. Pentsatzeko modukoa zen gol hori guztiz erabakigarria izango zela, Bilboko taldeak oso aurrera egin duen arren. Turkiako taldearen beste jokaldi azkar batean, Nico Serranok penaltia egin du, baloia berreskuratu nahirik, eta Joao Mariok 4-1ekoa egin du.
Fitxa teknikoa
4 - Besiktas: Gunok; Svensson, Topcu, Uduokhai, Masuaku (Zainuitdinov, 69. min); Al Musrati, Gedson Fernandes; Rashica (Joao Mario, 79. min), Rafa Silva (Ndour, 87. min), Muci (Bulut, 87. min); eta Immobile (Kiliçsoy, 69. min).
1 - Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Nuñez, Paredes, Yuri; Jauregizar, Prados (Ruiz de Galarreta, 61. min; Vesga, 68. min); Berenguer (Nico Serrano, 79. min), Unai Gomez (Djalo, 79. min), Nico Williams (Iñaki Williams, 61. min); eta Guruzeta.
Golak: 1-0, 17. min: Rashica. 1-1, 45. min: Unai Gomez. 2-1, 60. min: Rashica. 3-1, 77. min: Rafa Silva. 4-1, 92. min: Joao Mario, penaltiz.
Epailea: Julian Weinberger (Austria). Besiktaseko Immobile eta Masuaku zigortu ditu, txartel horia ateraz.
Nabarmentzekoa: 35.000 bat zale izan dira zelaian, tartean 800 athleticzale.