Itxi

Athletic Club

Herri harmaila

Athleticek "onartezintzat" jo ditu Herri Harmailaren kide batzuek jasotako presioak

EITB MEDIA

"Animatzailea hertsatzen duena sobera dago San Mamesen", nabarmendu du klubak astelehenean argitaratutako komunikatuan; halaber, Athleticek Unai Simonen eta Iñaki Williamsen adierazpenak babestu egin ditu.

  • San Mameseko hainbat zale, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    San Mameseko hainbat zale, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Athleticek "onartezintzat" jo ditu San Mamesen igandean jokatutako Athletic-Leganes partidan Herri Harmailaren kide batzuek beste kide batzuei egindako presioak; halaber, astelehen arratsaldean argitaratutako komunikatuan, Bilboko klubak Unai Simon eta Iñaki Williams jokalariek neurketa amaitutakoan egindako adierazpenak babestu ditu.

Klub zuri-gorriak, ohar horretan, deia egin die San Mameseko Herri Harmailaren gainerako talde eta pertsonei, Bilboko futbol zelaiko harmaila horrek "animazioa berreskura dezan" osteguneko partidan, alegia, Athletic-Viktoria Pilsen Europa Ligako norgehiagokan.

"Animatzailea hertsatzen duenak ez du lekurik San Mamesen, eta, horregatik, klubak erabaki du zelaira sartzea debekatzea Herri Harmailaren zenbait kideri animazioa bertan behera uzteko modu hertsatzailean eskatu zieten bi pertsonei", zehaztu du Athleticek.

Klubaren babesa, Unai Simonen eta Iñaki Williamsen adierazpenei

Horrez gain, Athleticek bat egin du igandean, Leganesen aurkako partida bukatutakoan, Unai Simonek eta Iñaki Williamsek egindako adierazpenekin: "Athleticek Unai Simonek eta Iñaki Williamsek egindako adierazpenak erabat babesten ditu, eta hertsapenen aurka eta Herri Harmailan animazioa lehenbailehen berreskuratzearen alde dauden pertsona guztien alde dago".

Atezainak eta aurrelariak, prentsaurrekoan, deitoratu egin zuten San Mamesen bizi izandako egoera; izan ere, herri harmailako talde bat animazioko greba mugagabean dago. Bi jokalariek azpimarratu zuten hori Athleticentzako kaltegarria dela.