Itxi

Athletic Club

F LIGA

Eibarren garaipena, Athleticen ezintasuna (0-1)

G. P. A. | EITB MEDIA

Partida hasi eta berehala aurreratu da Eibar, Elbak sartutako golari esker. Athletic azkeneraino saiatu da, gutxienez, berdinketa lortzen, baina ez da gai izan arrisku nahikorik sortzeko. Armaginak, berriz, oso sendo aritu dira defentsan, hasieratik bukaerara.

1:08
Athleticen eta Eibarren arteko partida. Argazkia: SD Eibar

Eibarrek 0-1 irabazi dio Athletici, Lezaman jokatu duten F Ligako euskal derbian. Elba kapitainak sartu du armaginen gola, hirugarren minutuan. Zuri-gorriak nagusi izan dira zelaian, baina Eibarrek sekulako lana egin du defentsan, eta Athletici ezinezkoa izan zaio emaitza iraultzeko gol aukera garbirik sortzea.

Armaginak neurketa hasi eta berehala ipini dira aurretik markagailuan. Van Deursenek area kanpotik egindako jaurtiketak zutoina jo du, aldaratzea Elbari iritsi zaio, eta honek baloia sarera bidali du, inolako eragozpenik gabe, Adriana Nanclares salduta geratu baita.

Lehendabiziko zatian, baloiaren jabetza talde zuri-gorriak izan du eta sei korner atera ditu, baina ez da gai izan Maria Mirallesen ate inguruan arrisku nahikorik sortzeko, Eibar oso ondo kokatu delako zelaian, hasiera-hasieratik, eta defentsa lanean sendo aritu delako, lerro guztietan, aurretik atzeraino.

Horrenbestez, Athletici ezinezkoa izan zaio berdinketa lortzea, eta 0-1ekoarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Aldagelatik bueltan, David Aznarren neskak erritmo biziagoarekin hasi dira, baloia azkarrago mugituz, aurkariari min egin nahian. Armaginek, berriz, euren planari eutsi diote: defentsan sendo aritu eta, ahal izanez gero, kontraerasoan Athletic ezustean harrapatzea, bigarrena sartzeko.  

Edonola ere, bigarren zatian ere, lehendabizikoan ikusitako gidoia errepikatu da. Zuri-gorriak behin eta berriro saiatu dira, baina ezin izan dute Eibarren defentsa gainditu, eta azken txanpan estuasun gehiagotan jarri badituzte ere, ez dira gai izan gol aukera garbiak sortu eta, gutxienez, berdinketa lortzeko. 

Horrenbestez, armagainak gailendu dira Lezamako derbian. Ez dute joko ona egin, baina izan duten gol aukera bakarra sartu egin dute, eta abantaila horri bukaerarino eusteko kemena erakutsi dute. Garaipen handia eskuratu dute, eta bederatzigarren kokatu dira, Levante Badalonaren partidaren faltan, beheko postuetatik ihes eginda.