Athletic Club
EA Sports Liga
Paredesek eta Sancetek garaipen zaporeko puntua lortu dute Betisen aurka (2-2)
I. G. | EITB Media
Betis bi aldiz jarri da aurretik, Iscoren eta Perrauden golekin, baina 'lehoiek' Paredesen eta Sanceten golekin indargabetu dituzte.
-
Berenguer jaurtiketa batean. Argazkia: EFE
Athleticek bina berdindu du Betisen aurka igande honetan Benito Villamarinen jokatu den EA Sports Ligako 22. jardunaldiko partidan. Betis bi aldiz jarri da aurretik, Iscoren eta Perrauden golekin, baina 'lehoiek' Paredesen eta Sanceten golekin indargabetu dituzte.
Valverdek aldaketaz betetako hamaikakoa atera du, eta hori partida hasieran nabaritu da, zurigorriei kosta egin baitzaie jokaldiak eta paseak lotzea. Betis nagusitasun handiagoarekin hasi da eta Athletic bere area defendatzera behartu du, nahiz eta 'lehoiek' bere abiadura aprobetxatu duten eta Williamsen eta Sanceten jaurtiketekin lehen aukerak sortu dituzten.
Sevillako taldeak kontraeraso batean ireki du markagailua. Bakambuk pase sakon bat eman dio Antonyri eta honek atera bota du. Unai Simonek jaurtiketa gelditu du, baina aldaratzea Iscori erori zaio, eta honek ate hutsik sartu du gola (1-0).
Bakambu aldea handitzeko zorian egon da, kanpora joan zaion jaurtiketa gurutzatu batekin. Hurrengo jokaldian, ordea, euskaldunek bai lortu dutela gola sartzea eta markagailua berdintzea. Korner itxi batean, Paredes lehen zutoinera sartu da eta aurkariaren atezaina ez da oso fin ibili baloia harrapatzeko orduan, eta bien artean baloia ate barrura bota dute (1-1).
Aldageletara joan aurretik, Perraudek baloia lapurtu du Athleticen areatik gertu eta Unai Simon gainditu du jaurtiketa ikusgarri batekin (2-1).
Betisek agintea eramaten jarraitu du bigarren zatian eta Athleticek, gidoia aldatzera behartuta, Prados eta Guruzeta sartu ditu Unai Gomez eta Jauregizar bermeotarren ordez. Eragina izan du eta euskaldunek jokoa hobetu dute. Handik gutxira bigarren gola lortu dute, berriro kornerretik, baina oraingoan Sancet izan da golegilea (2-2).
Zurigorriek aurrerapausoa eman dute garaipenaren bila, eta hainbat gerturatze izan dituzte hegaletatik, batez ere eskuinetik, Williamsen eta Djaloren abiadura aprobetxatuz. Baina azkenean, berdinketa eta puntua positibotzat jo behar izan dituzte.
Fitxa teknikoa:
2 - Betis: Adrian; Angel Ortiz, Llorente, Natan, Perraud; Johnny Cardoso (Marc Roca, 81. min), Altimira (Vitor Roque, 72. min); Antony (Ez Abde, 72. min), Isco, Jesus Rodriguez (Pablo Garcia, 81. min); eta Bakambu (Lo Celso, 64. min).
2 - Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Lekue (Adama, 79. min); Vesga, Jauregizar (Padros, 56. min); Iñaki Williams, Sancet (Canales, 79. min), Unai Gomez (Guruzeta, 56. min); eta Berenguer (Djalo, 79. min).
Golak: 1-0, 14. min: Isco. 1-1, 32. min: Aitor Paredes. 2-1, 47+. min: Perraud. 2-2, 69. min: Sancet.
Epailea: Juan Martinez Munuera. Txartel horia atera die Isco, Bakambu, Marc Roca, Sancet eta Berenguer jokalariei.