Athletic Club
EA Sports Liga
Irainak jaso dituzte Athleticeko hainbat jokalarik eta EITB Mediako kazetari batek Benito Villamarin zelaian
EITB MEDIA
Irainak igande gauean jokatu zuten Betis-Athletic partidako bigarren zatian bota zituzten, futbolari zuri-gorri batzuk beroketa ariketak egiten ari zirela.


Athleticeko jokalari batzuei, tartean Maroan Sannadiri eta Oscar de Marcosi, eta Janire Fragua EITB Mediako kazetariari irainak bota zizkien Betiseko zale batek, harmailatik, igande gauean, Benito Villamarin Sevillako futbol zelaian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 22. jardunaldiko Betis-Athletic partidan.
Hain zuzen ere, neurketako bigarren zatian bota zizkien irainak, talde zuri-gorriaren hainbat jokalari beroketa ariketak egiten ari zirela.
EITB Mediako kamera batek irainak grabatu ahal izan zituen, Athleticeko jokalariak zeuden alboaren ondoko harmaila batetik botatakoak. Maroani eta De Marcosi bota zizkieten, bai eta Janire Fragua kazetariari ere. Kamerak hartutako irudiez gain, sakelako telefono batek ere jaso zituen irainak, audioko grabazio batean.
Janire Fraguak berak zehaztu du, EITBn, zer jazo zen. Oscar de Marcos Athleticeko kapitaina irainak eta mehatxuak ari zen jasotzen (auto azpian begiratzeko esaten ari zitzaion gizon bat), eta, Maroan, Alvaro Djalo eta Adama Boiro haren inguruan jarritakoan, gizona irain arrazistak botatzen hasi zen, talde zuri-gorriak fitxatu berri duen aurrelari gasteiztarrari batik bat. Azkenean, ikusita EITB Mediako lankidea adi ari zela jarraitzen zer gertatzen ari zen, berak jaso zituen irainak. Liga gertaturikoa ikertzen ari da.
Athleticen adierazpena
Athletic Clubek, X sare sozialean argitaratutako ohar baten bidez, gertatutakoa "onartezina" dela salatu du eta "gorrotoaren eta arrazakeriaren aurrean tolerantziarik ez" izateko jarrera duela nabarmendu du.
¿ ONARTEZINA.
— Athletic Club (@athletic_eus) February 3, 2025
¿¿¿¿¿¿¿¿¿¿beste ezeren gainetik.
¿ Onartezina da horrelako gauzak entzutea. Irain bakoitza salatzen dugu.
Gorrotoaren eta arrazakeriaren aurrean tolerantziarik ez.#AthleticClub ¿ https://t.co/DfEMbzIDGN
Azken denboraldietan jazotakoari erreparatuta, nabarmentzeko modukoa da 2024ko apirilean, Madrilen, Atletico Madrilen zelaian, Nico Williamsi irainak bota zizkiotela; halaber, duela bi aste, Mikel Oyarzabal, Ander Barrenetxea eta Take Kubo Realeko jokalariei ere bota zizkieten hainbat irain Mestallan, Valentzian.