Athletic Club
Ohiko Batzar Nagusia
Bazkideek hitza hartuko dute astelehen honetan, Euskalduna Jauregian
Erredakzioa
Batzarra 19:30ean hasiko da. Bazkide konpromisarioek iragan ekitaldiko zenbakiak eta aurtengo aurrekontua bozkatu beharko dituzte.
-
Josu Urrutia Athleticeko presidentea. Argazkia: EITB
Oso interesgarria izango den Batzarra zuzenean jarraitzeko aukera izango dute eitb.com-eko erabiltzaileek. Udan eta denboraldi hasieran tirabira handiak izan dira talde zuri-gorrian eta bazkideek erantzunak nahi dituzte.
Eskari-galderen txandan bazkide konpromisarioek galdetzeko eta iritzia emateko aukera izango dute: Llorente auzia, Lezamako lanen kudeaketa, Javi Martinezen salmenta, filtrazioak…
Iragan denboraldiko balantze positiboa aurkeztuko du Zuzendaritza Batzordeak, 2,5 milioi euroko superabita. Bestalde, bazkideen kuotak izoztuko ditu aurtengo aurrekontuak.
Mozkinaren zati handi bat Marcelo Bielsaren taldeak Europa Ligan izandako ibilbide bikainari zor zaio; izan ere, klubak ia 12 milioiko diru-sarrera izan zuen kirol esparruan.
Aurtengo aurrekontuak 66 milioi eurokoa izango da eta bazkideek bozkatu beharko dute. 2011 aurkeztutako aurrekontua baino % 8 handiagoa da.
Gai-zerrenda:
Lehena: Aurreko Ekitaldi ekonomikoari dagozkien Urteko Kontuak eta Zuzendaritza Batzordeak egindako Kudeaketaren onarpena, horrela erabakitzen bada.
Bigarrena: Hurrengo Ekitaldi Ekonomikorako prestatu den Aurrekontuaren onarpena, horrela erabakitzen bada.
Hirugarrena: Zuzendaritza Batzordearen egitasmoak eta proposamenak.
Laugarrena: Bazkideek egin litzaketen proposamenak, baldin eta Batzarra ospatu baino bost egun lehenago aurkeztu badira eta bazkide konpromisarioen %10ek edo bozka emateko eskubidea duten bazkideen %2ek sinaturik badatoz.
Bosgarrena: Eskari-galderak.