Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Sanceten hat-trick batek laugarren postuan sendotu du Athletic (3-0)

I. G. | EITB Media

Zuri-gorriek 3-0 irabazi diote Gironari, nagusi izan diren partidan, eta bi debut izan dituzte: Maroan Sannadi eta Endika Bujan.

  • Sancet bere goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Sancet bere goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 3-0 irabazi dio Gironari larunbat honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 23. jardunaldiko partida. Oihan Sanceten hat-trick batek garaipena eman die zuri-gorriei, jaun eta jabe izan diren partidan. Gainera, bi debut izan dira: Maroan Sannadi eta Endika Bujan.

Partida hasiera parekatua izan da, eta bi taldeak oso aktibo izan dira baloiaren bila. Hala ere, zuri-gorrien nagusitasuna zertxobait gehiago nabarmendu da, eta pixkanaka Kataluniako taldea bere arean ixten joan dira. Inertzia horrekin, laster sortu dira lehen aukerak. Guruzetak hegaletatik egindako erdiraketa pare batean izan du lehenengoa; De Marcosek ere atera bota du aldaratze bat jaso ostean, eta Athleticeko hainbat jokalarik urruneko jaurtiketekin probatu dute, baina aurkarien defentsa gehiegi zeuden erasoek eragina izan zezaten.

Iñaki Williamsek izan du ordura arteko aukerarik argiena. Korner batean, Guruzetak baloia orraztu du, eta Athleticeko 9ak buruz errematatu du, baina Gazzanigak gelditu bikaina egin du gola saihesteko.

42. minutuan, Miguelek Jauregizar zapaldu du area barruan, baloiarekin zihoala. Hasiera batean, epaileak ez du ezer adierazi, baina, VARean berrikusi ostean, penalti adierazi du. Sancetek txokotik sartu du baloia (1-0).

De Marcosek aldea handitu ahal izan du buruz 'lehoien' kontraeraso batean, baina Gazzaniga jarri da erdian, baloia oin-puntarekin ateratzeko.

Sancetek, ordea, bai asmatu du. Berenguerrek bakarkako jokaldi bikaina egin du, eta baloia Sanceti eman dio, eroso 2-0ekoa jartzeko.

Partida bideratuta izan arren, euskaldunek gidoi berarekin jarraitu dute bigarren zatian, jokoaren jabetza izanez. Debut eguna ere izan da Sannadirentzat, Guruzetaren ordez sartu baita zelaira. Athleticen azken fitxaketa fin aritu da, eta gol aukera bat ere izan du.

Baina, hirugarrenez, Sancetek lortu du gola egitea. Aurkariaren atezainak sakean egindako akats bat Williamsek aprobetxatu du baloia lapurtu eta taldekideari emateko, honek baloia atezainaren gainetik sar zezan (3-0). Handik gutxira, zelaia utzi du, eta Endika Bujan debutaria zelairatu da haren ordez.

Horrela, Athletic laugarren postuan sendotu da, partida ona jokatuta.

Fitxa teknikoa:

3 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Adama (76. min); Jauregizar, Prados (Vesga, 76. min); Iñaki Williams, Sancet (Canales, 84. min), Berenguer (Bujan, 84. min); eta Guruzeta (Maroan Sannadi, 65. min).

0 - Girona: Gazzaniga; Frances, Juanpe, Krejci, Miguel (Blind, 46. min); Herrera, Ivan Martín; Tsygankov (Asprilla, 67. min), Van de Beek, Bryan Gil (Misehouy, 67. min); eta Abel Ruiz (Stuani, 67. min).

Golak: 1-0, 42. min: Sancet, penaltiz. 2-0, 46. min: Sancet. 3-0, 78. min: Sancet.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Gironako Bryan Gil, Juanpe, Herrera eta Kreijci jokalariei.