Athletic Club
EA Sports Liga
Athleticek aukera aparta galdu du Espanyolen aurka berdinduta (1-1)
I. G. | EITB Media
Zuri-gorriek aukera ezin hobea zuten garaipen batekin mahai gainean kolpe bat emateko, aurkari zuzenen emaitzak aldeko baitzituzten, baina berdinketa baino ezin izan dute lortu Sanceten golari esker, Unai Simonek akats handi bat egin ostean.
-
Espanyol vs Athletic. Argazkia: EFE
Athleticek ezin izan ditu bere aurkari zuzenen emaitza txarrak aprobetxatu, Espanyolen aurka 1-1 berdindu baitu igande honetan RCDE Stadiumen jokatu duen EA Sports Ligako 24. jardunaldiko partida. Zuri-gorriek aukera ezin hobea zuten garaipen batekin mahai gainean kolpe bat emateko, aurkari zuzenen emaitzak aldeko baitzituzten, baina berdinketa baino ezin izan dute lortu dute Sanceten golari esker, Unai Simonek akats handi bat egin ostean.
Hasierako hamaikakoan estreinatu den Maroan Sannadi aurrelari gasteiztarra izan da lehen gerturatzeen protagonista, eta 12. minutuan Ernesto Valverderen taldeak penaltia eskatu du Leandro Cabrerak area barruan ustez baloia eskuarekin ukitu ostean, Iñaki Williamsen jaurtiketa baten ostean.
Hurrengo jokaldian, Iñaki Williamsek pase bikaina egin du, baina Alex Berenguerrek gutxigatik ez du harrapatu. Hala ere, jokaldia baliogabetuta zegoen epaileak jokoz kanpokoa adierazi baitu.
Maroan ere batu da erasora, Joan Garciak aldaratutako baloi bat errematatuta, eta Javi Puadok burukada desbideratu batekin erantzun du. Oihan Sanceten eta Carlos Romeroren aukerek ere ez dute markagailua aldatu, eta horrela joan dira jokalariak atsedenaldira.
62. minutuan heldu da Espanyolen gola, Unai Simoni emandako pase konprometitu bat baliatuta. Roberto Fernandez adi egon da, eta 1-0ekoa jarri du markagailuan atezain zuri-gorriari baloia lapurtu ostean.
Gol horrek lehoiek galdu gabe zeramaten 14 jardunaldiko bolada etengo zuela zirudien, baina Athletic ez da kikildu. Maroanek eta Sancetek abisua eman dute, eta erdilari iruindarrak berdinketa jarri du markagailuan 77. minutuan, Caleroren bizkarrean jo ostean barrura sartu den urruneko jaurtiketa batekin.
Nico Williamsek eta Yuri Berchichek azken minutuetan markagailua iraultzeko mehatxua egin dute, baina azkenean bi taldeek puntu bana eskuratu dute.
Athleticek "edozein jarrera diskriminatzaileren aurrean zero tolerantzia" aldarrikatu du
Athleticek "zero tolerantzia" aldarrikatu du "edozein jarrera diskriminatzaileren aurrean", Espanyolen gaitzespenarekin bat eginez, Maroan Sannadik partidan zehar jasotako irain arrazistak direla eta.
Lehen zatian, Cuadra Fernandez epaileak partida gelditu du hiru minutuz, jokalari zuri-gorria etxeko zale batzuen irain arrazistak jasotzen ari baitzen.
Fitxa teknikoa:
1 - Espanyol: Joan García; Omar, Kumbulla, Cabrera, Carlos Romero; Pol Lozano (Edu Exposito, 79. min), Urko (Calero, 67. min); Jofre (Roca, 79. min), Král, Puado (Pere Milla, 89. min) eta Roberto Fernandez (Veliz, 79. min).
1 - Athletic Club: Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 70. min), Vivian, Yeray (Paredes, 70. min), Yuri; Prados (Vesga, 65. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet, Berenguer (Nico Williams, 65. min) eta Maroan (Guruzeta, 78. min).
Golak: 1-0, 62. min: Roberto Fernandez; 1-1, 77. min: Sancet.
Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Yerayri eta Urkori.