Itxi

Futbola

EUROPA LIGA

Athletic eta Reala, Europa Ligako final-zortzirenei ekiteko prest

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zuri-gorriek Erromari egingo diote bisita, Italiako hiriburuko Estadio Olinpikoan; txuri-urdinek, berriz, Manchester Uniteden bisita jasoko dute, Reale Arenan.

  • Realak eta Athleticek emaitza onak lortuta nahi dute hasi kanporaketak. Argazkia: EFE.

    Realak eta Athleticek emaitza onak lortuta nahi dute hasi kanporaketak. Argazkia: EFE.

Athleticek eta Realak Europa Ligako final-zortzirenetako kanporaketako lehen partida jokatuko dute ostegun honetan.

Zelairatzen lehena Donostiako taldea izango da, 18:45ean hasiko baita Manchester Uniteden kontrako norgehiagoka, Anoetan. Ingelesek hainbat baja dituzte gaurko hitzordurako. Batetik, Harry Maguire atzelariak eta Manuel Ugarte erdilariak ez zuten Donostiara bidaiatu aurreko azken lan-saioan parte hartzeko. Bestetik, Luke Shaw, Johnny Evans, Mason Mount eta Kobbie Mainoo ere ez daude jokatzeko prest, ezta Diallo ere, zigortuta baitago.

Realari dagokionez, Ligan Bartzelonaren aurkako porrot latza jasotzetik dator, baina Europan egiten ari diren bidean aurrera egiteko prest daude Imanolen gizonak. Entrenatzaileak taldeko jokalari ia guztiak ditu prest Manchester United den talde historiko bat kanporatzeko balentria gauzatzen ahalegintzeko; azken urteetan, gainera, sei aldiz aritu dira nor baino nor gehiago Donostiako eta Manchesterreko taldeak. Luka Sucicek ezin izan zuen jokatu Lluis Companys futbol zelaian, baina deialdian sartu da, bai eta Mikel Oyarzabal ere; kapitainak ezin izan zuen zelairatu Bartzelonaren aurkako norgehiagokan. Take Kubo ere bueltatu da deialdira, igandean zigortuta egon ostean.

Hona hemen Imanolen deialdia, ostegunerako: Remiro, Marrero, Fraga, Aihen, Zubeldia, Aritz, Javi Lopez, Traore, Aramburu, Aguerd, Martin, Zubimendi, Olasagasti, Turrientes, Brais, Sucic, Marin, Barrene, Oskarsson, Oyarzabal, Becker, Take Kubo, Sergio Gomez eta Mariezkurrena.

Athletic Europako txapelketa bateko 100. garaipena eskuratzen ahaleginduko gaur gauean, Erromaren aurka. Orain arteko 99 garaipen horietatik 43 Europa Ligan izan dira, 27 UEFA Kopan, 15 Azoken Kopan, 10 Txapeldunen Ligan, 2 Errekopan, bat Kopa Latinoan, eta beste bat Intertoton.

Gaurko hitzordurako, Ernesto Valverde entrenatzaileak Oihan Sancet 24 jokalariko deialdian sartu du. Joan den larunbatean, baja izan zen Atletico Madrilen kontrako LaLiga EA Sportseko 26. jardunaldiko neurketan, eskuin hankako femoralean min hartuta zegoelako.

Honako hauek dira Erromarako deialdian dauden futbolariak: Unai Simon, Julen Agirrezabala, Mikel Santos, Andoni Gorosabel, Dani Vivian, Aitor Paredes, Yeray Alvarez, Mikel Vesga, Alex Berenguer, Oihan Sancet, Iñaki Williams, Nico Williams, Gorka Guruzeta, Unai Nuñez, Iñigo Lekue, Iñigo Ruiz de Galarreta, Yuri Berchiche, Oscar de Marcos, Unai Gomez, Maroan Sannadi, Mikel Jauregizar, Beñat Prados Canales eta Adama Boiro.