Athletic Club
Europa Liga
Athleticek emaitza ona lortu nahi du Rangersen aurkako joaneko partidan
Zuri-gorriek Glasgown jokatuko dute apirilaren 10ean, 21:00etan, Europa ligako final-laurdenetako kanporaketako joaneko partida. Bilboko taldean Yuri Berchiche ez dago jokatzeko prest, min hartuta baitago.
-
Athleticeko jokalari eta teknikariak, Lezaman egindako apirilaren 8ko lansaioan. Argazkia: EFE
Athleticek Rangersen aurka jokatuko du apirilaren 10ean, ostegunean, Europa Ligako final-laurdenetako joaneko partida. Neurketa Glasgowko Ibrox Stadiumen jokatuko da, 21:00etatik aurrera.
Zuri-gorrien helburua da joaneko norgehiagokan emaitza ona ateratzea, San Mameseko apirilaren 17ko itzuliko norgehiagokan aurrera egiteko berme handiagoa izateko.
Yuri Berchiche da Athleticen baja bakarra Glasgowko partidarako. Ernesto Valverde entrenatzaileak prest ditu gainerako jokalari guztiak. Adama Boirok eta Iñigo Lekuek beteko dute Yuriren hutsunea.
Bestalde, Rangers talde indartsua da etxean. Bigarren dabil Eskozioako ligako sailkapenean, Celtic liderrarekiko 13 puntura. Iragan larunbatean, apirilaren 5ean, porrot egin zuen etxean Hibernianen kontra (0-2). Europa Ligako final-zortzirenetan 1-3 irabazi zion Fenerbahçeri Turkian, Ibrox Stadiumen 0-2 galdu zuen Istanbuleko taldearen kontra itzuliko partida, eta penaltietan lortu zuen final-laurdenetarako txartela.
Diomande, Dessers eta Cerny dira Eskoziako taldeko jokalari aipagarrienetako batzuk; hiru-hirurak erasoko futbolariak. Hala ere, Diomande baja da, min hartuta baitago, eta haren ordez Ianis Hagi Alaveseko jokalari ohiak joka lezake. Soultar erdiko defentsak ere ezingo du jokatu Athleticen aurka, neurketa bateko zigorra bete behar baitu. Horiez gain, Butland atezaina oso garrantzitsua da Rangersen, ondo-ondo baitabil goiko jaurtiketen aurrean eta penaltiak gelditzen ere trebea baita.
Hamaikako posibleak:
Rangers: Butland; Tavernier, Sterling, Balogun, Jefte; Raskin, Barron; Cerný, Lawrence, Hagi eta Dessers.
Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes, Lekue; Jauregizar, Prados; Iñaki Williams, Oihan Sancet, Nico Williams eta Sannadi.
Epailea: Istvan Kovac (Errumania).
Estadioa: Ibrox Stadium
Ordua: 21:00etan.