Athletic Club
Europa Liga
Punteria faltak eta huts egindako penaltiak saririk gabe utzi dute Athletic Rangersen aurka (0-0)
I. G. | EITB MEDIA
Nahiz eta mila aukera izan, eta jokalari bat gehiagorekin jokatu Propper kanporatu ondoren, zuri-gorriak ez dira markagailua irekitzeko gai izan, eta San Mamesen bilatuko dute finalerdietarako txartela.
-
Iñaki Williams, zuri-gorrien aukera batean. Argazkia: EFE
Athleticek hutsean berdindu du Rangersen aurka ostegun honetan Eskoziako Glasgow hirian jokatu den Europa Ligako final-laurdenetako joaneko partida. Nahiz eta mila aukera izan, eta jokalari bat gehiagorekin jokatu Propper kanporatu ondoren, zuri-gorriak ez dira markagailua irekitzeko gai izan, eta San Mamesen bilatuko dute finalerdietarako txartela.
Partidako lehen minutuetan, jokoaren erritmoa oso geldoa izan da, talde eskoziarrak jabetza pixka bat gehiago izan du eta Athleticek hutsuneak aurkitzeko zailtasunak izan ditu. Horrela, lehen aukera argia Sannadik izan du 10. minutuan, baina lehenik atzelaria jo du eta aldaratzea gutxigatik bidali du kanpora.
Bilboko taldearen hurrengo erasoan, Propperrek lurrera bota du Iñaki Williams areatik oso gertu. Hasiera batean, epaileak txartel horia atera dio, baina, VARean berrikusi ondoren, zuzendu eta txartel gorria atera dio, azken defendatzailea zela eta jokaldia gol aukera nabarmena zela iritzita.
Nagusitasunarekin, zuri-gorriek aurrerapausoa eman, eta aukera arriskutsu gehiago izan dituzte. Athleticen 9ak markagailua irekitzeko aukera bikoitza izan du, baina ez du jokaldia amaitzen jakin, eta horren jaurtiketak ezerezean geratu dira.
Sannadik eta Sancetek ere euren eskuetan izan dute gola, aurrenekoak jaurtiketa on batekin eta nafarrak buruz korner batean; hala ere, Kellyk bikain gelditu ditu biak.
Bigarren zatian, Athleticek gogor jarraitu du aurkariaren atearen bila. Hainbat aukera izan ditu berriro, argiena Sannadik errematea zutoina urratuz bidali duenean, De Marcosen pasea jasota. Ez da egon baloia sarera bidaltzeko modurik.
Valverdek freskotasuna sartu du zelaian, Sannadi, Galarreta eta Sanceten ordez Guruzeta, Prados eta Berenguer zelairatuta.
Zuri-gorriek euren jokoarekin jarraitu dute, eta, itxaron behar izan badute ere, 75. minutuan iritsi da gola. Kontraeraso azkar batean, Berenguerrek baloi luze bat jaitsi du, eta Guruzetak, atzetik zetorrela, atera bota du. Atezainak gelditu egin du, baina ezin izan du ezer egin Berenguerren aldaratzea gelditzeko.
Kontua, baina, ez da hor amaitu; izan ere, epaileak VARera jo du berriro, eta Athleticen aldeko penaltia adierazi du. Horrela izan ez balitz, gola baliorik gabe geratuko zen jokalari nafarra jokoz kanpo zegoelako. Berenguerrek berak jaurti du, baina Kellyk bere taldea salbatu du jaurtiketa desbideratuz.
Athleticek azken unera arte jarraitu du borrokan, batez ere Berenguerren aldetik, hutsegitea konpondu nahi izan baitu, baina ez da modurik egon. Finalerdietarako txartela, beraz, San Mamesen bilatu beharko dute.
Fitxa teknikoa:
0 - Rangers: Kelly; Sterling, Propper, Balogun; Tavernier, Rice (Barron, 68. min), Raskin, Ridvan Yilmaz (Jefte, 68. min); Cerny (Bajrami, 95. min), Hagi (Maccausland, 95. min) eta Dessers (Hanza Higamane, 85. min).
0 - Athletic Club; Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 93. min), Vivian, Yeray, Lekue; Jauregizar, Galarreta (Prados, 62. min); Iñaki Williams, Sancet (Berenguer, 74. min), Nico Williams; eta Sannadi (Guruzeta, 62. min).
Epailea: Istvan Kovacs (Errumania). Propper kanporatu du, txartel gorria erakutsita, eta txartel horia atera die Barry Fergusson, Galarreta, Sannadi eta Prados jokalariei.