Itxi

Athletic Club

San Mamesen

Athletic Europa Ligako finalaurrekoetarako txartelaren bila, Rangersen aurkako kanporaketa irekian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Eskozian jokatutako joanekoa hutsean amaitu zenez, bi taldeek dituzte aurrera egiteko aukerak.

  • Rangersen aurkako joaneko partidako argazkia. EFE

    Rangersen aurkako joaneko partidako argazkia. EFE

Athleticek Rangers FC taldearen kontra jokatuko du gaur gauean, San Mamesen, Europa Ligako final laurdenetako itzuliko neurketan, 21:00etatik aurrera, kanporaketa gainditzeko xedez. Joanekoan, 0-0 berdindu zutenez, eskoziarrak ere bizirik iritsi dira honaino. Denboraldi honetan, bi taldek baino ez dute lortu Athletic San Mamesen menderatzea, eta amets horren bila datoz.

Orain dela hilabete gertatu zen moduan, San Mames erabakigarria izango da, datorren maiatzaren 21ean Bilbon jokatuko den Europa Ligako finaleko garaikurra irabazteko bidean. Glasgowko joanekoak zapore gazi-gozoa utzi zien zuri-gorriei, kanporaketa bideratzeko aukera galdu izanaren sentipenarekin amaitu zutelako. Izan ere, batetik, Rangersek jokalari bat gutxiagorekin jokatu zituen 80 minutu, Robin Pröpperek txartel gorria ikusi zuelako 13. minutuan; bestatik, Alex Berenguerek penalti bat huts egin zuen.

Ernesto Valverderen taldea ligan Rayo Vallecano 3-1 menderatzetik dator, bigarren zatian markagailua iraulita, Oihan Sanceten bi golei eta Nico Williamsen beste bati esker. Gaurko neurketarako, Iñigo Ruiz de Galarreta jokatzeko prest egongo da, osatu delako. Zalantzan dago, aitzitik, Iñaki Williams eta Yuri Berchiche parte hartzeko moduan dauden, nahiz eta biek entrenatu zuten partida aurreko azken lan-saioan.

Rangers (txapelketako finalista 2022an eta 2008an) konfiantzaz dator Bilbora. Iragan asteburuan, berdindu egin zuen 2-0 galtzen hasi zen Aberdeenen kontrako lehia. Talde eskoziarra fin aritu da orain arte Europa Ligan sasoi honetan, liga fasean zortzigarren geratu baita, play-offak jokatu beharrik gabe. Vaclav Cerny eta Hamza Igamane jokalariak dira Rangersen pizgarri nagusiak. Gainera, John Souttar ere jokatzeko pronto dago, joanekoan txartel horien pilaketagatik zigortuta egon ostean.

-Hamaikako posibleak:

Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray Alvarez, Yuri Berchiche; Galarreta, Jauregizar, Sancet; Iñaki Williams, Sannadi eta Nico Williams.

Rangers FC: Kelly; Tavernier, Jefte, Souttar, Balogun, Curtis; Raskin, Barron; Cerny, Diomande; Dessers.