Athletic Club
EA SPORTS LIGA
Iñaki Williamsen gola nahikoa izan da Athleticek Las Palmas mendean hartzeko (1-0)
I. G. | EITB MEDIA
Ez da zuri-gorrien partidarik onena izan, baina Iñaki Williamsek partida hasi eta bost minutura sartutako gola nahikoa izan dute garaipena bermatzeko.
-
Athleticeko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 1-0 irabazi dio Las Palmasi asteazken honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 33. jardunaldian. Ez da zuri-gorrien partidarik onena izan, baina Iñaki Williamsek partida hasi eta bost minutura sartutako gola nahikoa izan dute garaipena bermatzeko.
Hasi eta bost minutura, lehoiek markagailua ireki dute Iñaki Williamsen golari esker. Berak hasi du jokaldia hegaletik, baloia Galarretari eman eta areara korrika sartu da, eta taldekideak itzuli dio, zehaztasun handiz itzuli ere. Williams anaietako zaharrenak baloia hartu eta, presarik gabe, atezaina gainditu du behetik (1-0).
Las Palmas saiatu da, baina zuri-gorriek sendo eutsi diote eta ez dute asko sufritu. Berri txarra Sanceten eskutik etorri da, zelaia utzi behar izan baitu, min hartuta. Canalesek ordezkatu du.
Hurrengo minutuetan jokoaren erritmoa lasaitu da eta ez da talde bakar bat ere nagusi izan. Kanpoko taldeak markagailua berdintzeko abagune ona izan du McBurnie Unai Simonen aurrean bakarrik geratu denean kontraeraso batean, baina euskal atezaina ondo atera da eta jaurtiketa estali du.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Berenguer aldea handitzeko zorian egon da burukada batekin, bigarren zutoinaren bila, baina langarekin egin du topo. Martxa arinduta, Athletic gol gehiagoren bila atera da eta gorago presionatu du.
Maroanek ere makatzeko aukera ona izan du, baina aurkariaren atezainak ondo gelditu du jaurtiketa. Horien aldetik, Januzajek izugarrizko jaurtiketa egin du urrutitik, langa dardarka utzi du, eta San Mames isildu da.
Azken minutuetan, Unai Simon berriro agertu da aurkariaren beste aukera bat galarazteko, taldea salbatu du eta balio handiko garaipena ziurtatu dute.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic Club: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Galarreta (Prados, 84. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Canales, 22. min), Berenguer (Nico Williams, 65. min); eta Maroan (Guruzeta, 84. min).
0 - Las Palmas: Horkas; Viti, Alex Suarez (Marc Cardona, 84. min), McKenna, Mika Marmol; Marvin (Januzaj, 73. min), Bajcetic (Campaña, 84. min), Essugo, Sandro (Manu Fuster, 64. min); Moleiro eta McBurnie (Jaime Mata, 64. min).
Gola: 1-0, 5. min: Iñaki Williams.
Epailea: Isidro Diaz de Mera Escuderos. Txartel horia atera die Yuri, Bajcetic, McBurnie eta Alex Suarez jokalariei.