Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek emaitza ona lortu nahi du Manchester Uniteden aurka San Mamesen, finalerdietako joaneko partidan

EITB Media

Zuri-gorriek Ingalaterrako taldea izango dute aurkari gaur, Europa Ligako finalerdietako joaneko neurketan. Oihan Sancet ez da jokatzeko prest egongo. Norgehiagoka 21:00etan hasiko da.

  • Athletic Club

    Athletic, partidaren bezperan Lezaman egindako entrenamenduan. Argazkia: EFE

Athleticek Manchester United izango du aurkari gaur, Europa Ligako finalerdietako joaneko partidan. Norgehiagoka San Mamesen jokatuko da, 21:00etan. Itzuliko neurketa maiatzaren 8an jokatuko da, Old Trafforden (Manchester).

Zuri-gorriek emaitza ona lortu nahi dute, itzuliko lehiara berme handiagoarekin heltzeko. Athleticen, Oihan Sancet ez da jokatzeko prest egongo, min hartuta baitago. Nafarroako futbolariarena baja garrantzitsua da Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldearentzat. Unai Gomezek edo Berenguerrek beteko dute haren postua. Bestela, Valverdek prest ditu beste jokalari guztiak.

Manchester United ez dabil ondo Premier Leaguen (Ingalaterrako Liga), baina Europa Ligan bikain ari da. Hasierako ligaxka sailkapeneko 3. postuan amaitu zuen, 18 punturekin, bigarren izan zen Athleticek eta lehena izan zen Laziok baino puntu bat gehiagorekin. Final-zortzirenetan Reala kanporatu zuen, Anoetan 1-1 berdindu eta Old Trafforden 4-1 irabazita. Final-laurdenetan gogotik sufritu zuen Olympique Lyonen kontra; Lyonen 2-2 berdindu ostean, Manchesterren 5-4 irabazi zuen Ruben Amorimek zuzentzen duen taldeak.

Ingalaterrako Ligan ondo ez dabilen arren, izarrez betetako taldea da Manchester United. Bruno Fernandes da taldeko izar nagusia, baina baditu kalitate handiko beste hainbat jokalari ere; adibidez, Garnacho, Yoro, De Light, Dorgu, Mount, Casemiro, Mainoo eta Hojlund. Horrez gain, Unitedek baja garrantzitsuak ditu San Mameserako: Diogo Dalot da esanguratsuena, baina Lisandro Martinez eta Zirkzee ere ez dira jokatzeko prest egongo.

Ustezko hamaikakoak:

Athletic Club: Julen Agirrezabala, De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri, Jauregizar, Galarreta, Berenguer edo Unai Gomez, Iñaki Williams, Nico Williams eta Maroan Sannadi

Manchester United: Onana, Shaw, De Light, Yoro, Dorgu, Mazraoui, Casemiro, Mainoo, Bruno Fernandes, Garnacho eta Hojlund.

Epailea: Espen Eskas (Norvegia).

Zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.