Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticen porrot latza Manchester Uniteden aurka: hiru gol lehen zatian eta txartel gorria Vivianentzat (0-3)

I. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian jasotako hiru golek -bat penaltiz- eta Vivianek jasotako txartel gorriak hondoratu egin dituzte zuri-gorriak, eta oso zail izango dute datorren astean kanporaketari buelta ematea Old Trafforden.

  • Bruno Fernandesek penaltia sartu du. Argazkia: EFE.

    Bruno Fernandesek penaltia sartu du. Argazkia: EFE.

Athleticek porrot mingarria jaso du Manchester Uniteden aurka (0-3) ostegun honetan San Mamesen, Europa Ligako finalerdietako joaneko partidan. Lehen zatian jasotako hiru golek -bat penaltiz- eta Vivianek jasotako txartel gorriak hondoratu egin dituzte zuri-gorriak, eta oso zail izango dute datorren astean kanporaketari buelta ematea Old Trafforden.

Partida susto batekin hasi da zuri-gorrientzat; izan ere, 4. minuturako Garnachok markagailua ireki du talde ingelesaren alde. Zorionez, gola baliorik gabe geratu da Hojlund jokoz kanpo zegoelako.

Gainerakoan, Athletic baloiaren jabe izaten hasi da eta erasoaren ekimena eraman du. Lehen aukera argia Berenguerrek urrutitik egindako jaurtiketa bat izan da, zutoinera itsatsita, Onanak ondo gelditu duena. Hurrengo jokaldian, Berenguerrek berak erdiraketa oso zehatza jarri du area barrura, Iñaki Williams errematatzeko bakarrik utziz, baina bere burukada gora joan da.

20. minutuan, Jauregizarrek Iñaki ikusi du hegalean eta pase luze bat eman dio, honek barrura eraman zezan. Ez du asmatu erdiraketan, Lindelofek atera baitu, eta Berenguerrek aldaratzea sarera bidali nahi izan duenean, Lindelofek berak saihestu du berriro.

Partida hasi eta ordu erdira, Maguirek ihes egin dio Jauregizarri, eta gero areara erdiratu du. Ugartek orraztu du lehen zutoinean eta Casemirok buruz errematatu du bigarrenean gola sartzeko (0-1).

Gainera, Manchester Uniteden hurrengo erasoan Vivianek lurrera bota du Hojlund area barruan. Hasieran epaileak ez du ezer adierazi, baina, VARean berrikusi ondoren, erabakirik txarrena hartu du: penaltia eta txartel gorria Vivianentzat. Bruno Fernandesek bigarren gola egin du hamaika metroetatik (0-2).

Lehen zatia amaitu aurretik, Bruno Fernandesek are gehiago handitu du aldea, taldearen jokaldi on baten ondoren (0-3).

Bigarren zatian Valverdek eskema aldatu behar izan du bat gutxiagorekin jokatzeko. Aurretik Gorosabel eta Paredes Berenguerren eta De Marcosen ordez sartu dira, eta horiei Prados gehitu zaie, Galarretaren ordez.

Athletic dena ematera atera da, aldea murriztu behar baitzuen, baina kosta egin zaio etxeko lanak eginda zituen talde ingelesari min egitea, baloiari eusten aritu direnak.

Unitedek markagailua handitzeko aukera ere izan du urruneko jaurtiketekin, baina Agirrezabala fin ibili da eta geldiketa onak egin ditu hori saihesteko.

Zuri-gorriek amaierara arte eutsi diote eta ez diote aurkariari min gehiago egiten utzi, batez ere azken minutuetan. Aurpegia eman dute eta orain misio zaila izango dute kanporaketari buelta ematen saiatzeko Old Trafforden.

 

De Marcos, ordezkatuta gainkargagatik

Oscar De Marcos zelaitik atera behar izan dute lehen zatian, eskuin hankako giharretan gainkarga izan baitu. Klubak iragarri duenez, jokalaria proba osagarrien zain geratu da.