Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Etxean jasotako kolpea ahaztuta, Old Trafforden miraria egitea posible dela sinetsi nahi du Athleticek

Agentziak | EITB Media

Iñaki Williamsek mezua zabaldu du sare sozialetan, Manchesterren emaitza iraultzea posible dela sinisteko dei eginez: "Zaila? Bai. Ezinezkoa? Ez", idatzi du.

  • Athleticeko jokalariak eta zaleak bat eginda, San Mamesen, Europa Ligako partida batean. EFE

    Athleticeko jokalariak eta zaleak bat eginda, San Mamesen, Europa Ligako partida batean. EFE

San Mamesen 0-3 irabazita, Manchester Unitedek ia erabakita utzi zuen atzo Europa Ligako finalaurrekoa.

Hala ere, Oscar de Marcos eta Iñaki Williams Athleticeko kapitainek deia egin dute etxean jasandako kolpe handia ahalik eta azkarren ahazteko eta Old Trafforden emaitza iraultzea posible dela amesten hasteko.

"Zaila? Bai. Ezinezkoa? Ez. 4.000 zoro izango zarete Manchesterren balentria egiten saiatzeko. Zergatik ez?", idatzi du gaur Williamsek bere sare sozialetan.

Atzo, partida amaituta, 0-3ko emaitza iraultzea "oso zaila" dela aitortu zuen, baina Old Trafforden izango diren jarraitzaile zuri-gorrien babesarekin kanporaketari buelta emateko ahalmena badagoela erantsi zuen.   

"Old Trafforden dena emango dugu. Denboraldi guztian egin dugun lana da horren erakusgarri. 0-3 galdu arren, gure jendeak ez gaitu inoiz bakarrik uzten. Ametsetako denboraldi bukaera baten aurrean gaude eta baditugu arrazoiak konfiantza izateko eta sinisteko", adierazi zuen.

De Marcosek ere ildo beretik hitz egin zuen norgehiagoka amaitu ostean: "Bilbokoak gara, eta emaitza iraultzea posible dela sinisten dugu".

"Orain dolua pasatzea tokatzen zaigu, eta ondoren posible dela sinetsi behar dugu", gaineratu zuen.

Horrez gain, San Mamesen bildutako milaka zaleen babesa nabarmendu zuen: "Oso eskertuta gaude. Gaurko porrotak min handia egin digu, eta, hala ere, txaloekin agurtu gaituzte. Horrek egiten gaitu ezberdin", esan zuen De Marcosek.

Bi kapitainek egindako adierazpenek laster izan dute eragina sare sozialetan, eta milaka zalek egin dute bat Iñaki Williamsek idatzitako itxaropen mezuarekin.