Itxi

Athletic Club

EA Sports Liga

Nico Williams baja izango da Realaren aurkako derbian, pubiseko arazoengatik

Agentziak | EITB MEDIA

Valverdek jakitera eman duenez, pubisean mina du, "ez dago ondo", eta "oso gaizki amaitu zuen" ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatutako finalerdia.

  • Nico Williams. Argazkia: EFE.

    Nico Williams. Argazkia: EFE.

Nico Williams Athleticeko jokalaria baja izango da igande honetan zuri-gorriek Reale Arenan Realaren aurka jokatuko duten euskal derbian, azken asteetan pubiseko arazoak izan dituelako.

Ernesto Valverde entrenatzaileak argitu duenez, Williams anaietako gaztea "ez dago ondo", pubisean mina baitu, eta "oso gaizki" amaitu zuen ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatutako finalerdia.

"Egoteko ahalegina egiten ari da, baina ez dago ondo. Denboraldi honetan jokatutako partiden eragina jasaten ari da, eta aurrekoan oso gaizki amaitu zuen. Atzo (ostirala) ere gaizki zegoen, eta ezingo da bihar egon", azaldu du entrenatzaileak futbolariaren egoera "egunez egun" baloratuko dutela argitu aurretik.

Era berean, Valverderen arabera, ez dago argi Oscar de Marcos ere jokatzeko moduan izango den, eta Oihan Sancet giharretako lesiotik "ondo" doala esan du, baina oraindik ez dakiela nafarra Old Trafforden jokatzeko moduan izango den.