Itxi

Athletic Club

F Liga

Marta Unzuek amaiera eman dio Athleticen egindako ibilbideari

EITB Media

Kapitainak ez du talde zuri-gorrian jarraituko. Athleticekin 120 partida jokatu ditu, zazpi denboralditan.

  • Marta Unzué

    Marta Unzue, Athleticekin jokatutako partida baten. Argazkia: @AthleticClubFem

Marta Unzuek ez du Athleticen jarraituko. Berriozarreko (Nafarroa) jokalariak erabaki du talde zuri-gorrian egindako ibilbidea bukatzea. Guztira, 120 partida jokatu ditu Athleticekin, zazpi denoralditan. 

Elitean partida gehien jokatu dituzten bost futbolarien artean da Unzue, 468 neurketarekin. Bartzelonan ibilbide oparoa egin ostean, Athleticera joan zen 2018-2019 denboraldian. Azken bi urteetan jokatu gabe egon da, lesio larri baten ondorioz.

Osasunan hezi zen, eta 18 urte zituela Bartzelonak fitxatu zuen. Kataluniako taldearekin 348 partida jokatu zituen, 12 urtetan. Barçarekin Lau F Liga eta bost Erregina Kopa irabazi zituen.

Athleticekin, eskuin belaunean lesio larria izan zuen 2023ko maiatzaren 13an jokatutako ligako azken norgehiagokan, Bartzelonaren kontra. Lesio horrek epe luzez zelaietara bueltatzea eragotzi dio, eta hiru aldiz izan da ebakuntza-gelan.

Athleticek eskerrak eman dizkio jokalariari urte hauetan guztietan izan duen profesionaltasunagatik, erresilientziagatik eta klubaren aldeko konpromisoagatik; horrez gain, onena opatu dio etorkizun pertsonal eta profesionalerako.