Itxi

Athletic Club

Europa League

Athletic joaneko porrota iraultzeko xedez zelairatuko da Old Trafforden

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lehoiek Williams anaien, Oihan Sanceten eta Dani Vivianen bajekin egin dute bidaia Manchesterrera: lehen hirurak lesionatuta daudelako eta Vivian, ostera, zigortuta. Joanekoan 0-3 galdu zuen Athleticek.

  • Athletic eta Manchester Uniteden joaneko partidako artxiboko irudia

    Athletic eta Manchester Uniteden joaneko partidako artxiboko irudia. EFE

Athleticek Manchester Uniteden aurka jokatuko du Old Trafforden, Europa Ligako finalaurrekoetako itzuliko neurketan, 21:00etatik aurrera. Ernesto Valverderen taldea joaneko porrota (0-3) iraultzen ahalengiduko da, Williams anaien, Oihan Sanceten, eta Dani Vivianen bajak direla medio. Lehen hirurak min hartuta daude: Vivian, aldiz, zigortuta, San Mamesen txartel gorria ikusi ostean.

Lehoiek hiru goleko aldeaz irabazi beharko dute, kanporaketa berdindu ahal izateko. Zuri-gorriek lau aldiz lortu dute halako emaitza, guztiak etxean jokatutako neurketetan: Espanyol (4-1), girona (3-0), Elfsborg (3-0) eta Valladolid (7-1).

Gaur gauean, joanekoan zelairatutako hamaikakoa berrantolatu beharko du Valverdek. Alvaro Djalo eta Alex Berenguer izan daitezke Williams anaien ordezkoak; erdi puntarako, berriz, badirudi Unai Gomez izan daitekeela aukera. Dena den, Peio Canales edo Gorka Guruzeta ere izan daitezke hautagaiak. Atzean, Aitor Paredesek eta Yeray Alvarezek osatuko lukete erdiko lerroa. 

'Deabru gorriei' dagokienez, Ruben Amorin Manchesterrek San Mamesen zelairatutako hamaikakoa errepikatzeko moduan izango da, nahiz eta Matthijs de Ligt ez egon jokatzeko moduan, Brentforden kontrako partidan min hartuta baitago. Bruno Fernandes (bi gol sartu zituen San Mamesen), Rasmus Hojlund (joaneko penaltia eragin zuen, eta ondorioz, Vivianen kanporatzea), eta Alejandro Garnacho dira Manchester Uniteden erasorako armak nagusiak.

FITXA TEKNIKOA:

-Hamaikako posibleak:

MANCHESTER UNITED: Onana; Mazraoui, Yoro, Lindelof, Maguire, Dorgu; Casemiro, Ugarte; Bruno Fernandes, Garnacho; eta Hojlund.

ATHLETIC: Agirrezabala; De Marcos, Paredes, Yeray, Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta; Djalo, Unai Gómez, Berenguer; eta Sannadi.

-Epailea: Daniel Siebert (ALE)

-Zelaia: Old Trafford

-Ordua: 21:00etan.