Athletic Club
EA SPORTS LIGA
Athleticek Getafe garaitu eta Txapeldunen Liga jokatuko du (0-2)
EITB MEDIA
Betisen berdinketaren ondoren, nahikoa zuen Coliseum zelaian puntu bat lortzea, baina Guruzetak eta Vivianek bigarren zatian sartutako golekin modurik onenean sailkatu da Europako txapelketa nagusirako.
-
Guruzeta eta Berenguer lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko txartela ziurtatu du, ostegun honetan Espanyol 0-2 garaituta EA Sports Ligako 36. jardunaldian. Betisen berdinketaren ondoren, nahikoa zuen Coliseum zelaian puntu bat lortzea, baina Guruzetak eta Vivianek bigarren zatian sartutako golekin modurik onenean sailkatu da Europako txapelketa nagusirako.
Getafe Athletic baino aktiboago hasi da lehen zatian. Zuri-gorriek Guruzetaren jaurtiketa bat baino ez dute egin, ozta-ozta ate gainetik joan dena.
Hori izan da guztia hasierako zatian. Bigarrenean, berriz, Athleticek aurkariaren defentsa hautsi du, batez ere Valverderen aldaketengatik, Boiro eta Sancet atera baititu zelaira.
Berehala, elkarren segidako hiru aukera izan dituzte. Minutu batean, Boirok ez du atea aurkitu jaurtiketa batean, eta Berenguerrek gertu izan du gola birritan: Alderetek oztopatu du horren lehen errematea, eta Soriak salbatu du bigarrena.
Orduan, Guruzeta agertu da Duarteren akats bat aprobetxatzeko. Ez du zalantzarik izan, eta markagailua ireki du (0-1) zutoin ondora bidalitako jaurtiketa batekin.
Athleticek indarra hartu du golarekin, eta gehiagoren bila joan da. Azken minutuetan, Vivianek ginga jarri dio pastelari, korner batean gola sartuta (0-2).
Ernesto Valverderen taldeak merezitako txartela lortu du Txapeldunen Ligako hurrengo edizioa jokatzeko.
Fitxa teknikoa:
0.- Getafe: Soria; Juan Iglesias (Nyom, 85. min), Duarte, Alderete, Diego Rico; Terrats (Ismael, 85. min), Milla, Arambarri, Coba (Peter Federico, 79. min); Uche (Bertug, 85. min) eta Alvaro Rodriguez (Borja Mayoral, 68. min).
2.- Athletic: Unai Simon; Gorosabel (De Marcos, 86. min), Vivian, Yeray, Yuri; Jauregizar (Ruiz de Galarreta, 85. min), Vesga; Guruzeta, Berenguer, Unai Gomez (Boiro, 57. min); eta Maroan (Sancet, 57. min).
Golak: 0-1, 76. min: Guruzeta; 0-2, 89. min: Vivian.
Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Txartel horia atera dio Millari.