Itxi

Athletic Club

Deialdia

Marokoko selekzioak Maroan Sannadi deitu du Tunisiaren eta Beninen aurkako lagunarteko partidetarako

EITB Media

Athleticeko jokalari gasteiztarrak Marokoko selekzioarekin debuta egiteko aukera izango du ekainaren 7an eta 10ean jokatuko diren neurketetan.

  • Maroan Sannadi

    Maroan Sannadi (Athletic Club), Rangersen aurkako San Mameseko Europa Ligako partidan. Irudia: EFE

Maroan Sannadi Athleticeko jokalaria deitu du Marokoko selekzioak ekainaren 7an eta 10ean Tunisiaren eta Beninen aurka, hurrenez hurren, jokatuko dituen lagunarteko partidetarako.

Ondorioz, 21 urteko gasteiztarrak Marokoko selekzioarekin debuta egiteko aukera izango du, hautatzaileak Tunisiaren zein Beninen aurkako neurketetan berdeguneratzea erabakitzen badu.

Athleticek 2024-2025 denboraldiko neguko merkatuan fitxatu zuen Sannadi, Lehen RFEF mailako Barakaldotik, nahiz eta Alavesek utzita ari zen Bizkaiko taldean. EA Sports Ligan (1. maila) debuta egin zuen talde zuri-gorriarekin otsailaren 8an, Gironaren aurka (3-0), San Mamesen. Harrezkero, Ligako 16 partida jokatu ditu Athleticekin. Gainera, sei partida jokatu ditu Europa Ligan, eta Italiako hiriburuko Olinpikoan Erromaren aurka final-zortzirenetan debuta egin zuen (2-1).

Elitean debuta egin zuenetik, Maroan Sannadik gol bat sartu du; EA Sports Ligan egin zuen Valladoliden aurka (7-1), otsailaren 23an.