Athletic Club
Ofiziala
Jauregizarrek 2031ra arte berritu du kontratua Athleticekin
Agentziak | EITB Media
Erdilari bizkaitarrak etete-klausularik gabe sinatu du kontratu berria, klub zuri-gorriak azpimarratu duenez.
-
Jon Uriarte eta Mikel Jauregizar. Argazkia: Athletic Club
Mikel Jauregizarrek 2031ra arte luzatu du Athleticekin 2027an bukatzen zitzaion kontratua, eta Bilboko klubak nabarmendu duenez, inolako etete-klausularik gabe sinatu du akordio berria.
Jauregizarrek (Bermeo, 2003) Lezamatik egin zuen lehen talderako saltoa, eta bi denboralditan sekulako maila erakutsi du. Horrela, Ernesto Valverderen hamaikakoan ezinbesteko jokalaria da gaur egun.
Athleticen esanetan, Bermeoko futbol taldetik heldu zen Lezamara, 2021ean, 17 urte zituela, eta harrezkero izan duen hazkundea "ikusgarria" izan da.
"Abiadura handiz etapak gainditu ditu, eta, joan den denboraldian hamar partidatan parte hartu ondoren, Valverdek sekulako protagonismoa eman dio denboraldi honetan", azaldu du klubak ohar batean.
"Presio aurreratuan bere eskuzabaltasuna erakusteaz gain (Pedrik soilik gainditu du aurkarien zelaian egindako baloi lapurretetan), garrantzia hartu du jokoan, baita aurkariaren ate aurrean ere", erantsi du.
¿ Jauregizar tiene un mensaje para vosotr@s, athleticzales.#Jauregizar2031 #AthleticClub ¿ pic.twitter.com/j3WJGR3UjE
— Athletic Club (@AthleticClub) May 30, 2025