Primera RFEF
Federazio Kopa
Binissalem txapeldun, Lemoa kanporaketa iraultzekotan egon den arren
Erredakzioa
Bizkaitarrek 6-1 irabazi dute Arlonagusian jokatu den Federazio Kopako itzulerako partida, baina joanekoan 5-0 galdu zutenez bisitariak izan dira txapeldunak.
Lemoa bigarren urtez jarrain Federazio Kopako txapeldunorde izendatu da. Iaz, Puertollano atera zen garaile eta aurten Binissalemek eskuartu du titulua.
Baleareetan jokatu zen finaleko joaneko partida eta Binissalemek 5-0 irabazi zuen. Itzulerako partida Arlonagusian jokatu zen eta horren eraginez, Lemoa zeukan guztia ematera atera zen. Hamahirugarren minuturako bi goleko abantaila lortu zuten lemoaztarrek. Orbegozkm 1-0ekoa sartu zuen 10. minutuan eta 13.ean Rebollok egin zuen 2-0ekoa. Erasakor jarraitu zuen Lemoak 2-0ekoarekin eta 35. minutuan 3-0koa sartu zuten Zubillagaren bitartez. Lau minutu beranduago, Orbegozok zoramena eraman zuen Arlonagusiako harmailetara 4-0ekoa sartuta. Baina, poza eta giroa moztu egin zituen Binissalemek, 41. minutuan Fortezak 4-1ekoa lortu baitzuen. Emaitza horrekin iritsi zen partida atsedenaldira (4-1).
Bigarren zatian, gidoi bera; Lemoa jaun eta jabe eta erasora jotzea bakarrik zuten helburu. Barasoainek zuzentzen duen taldeak 5-1ekoa sartu zuen 61. minutuan. Castillok sartu zuen gola bere atean. 75. minutuan Seguinek 6-1ekoa egin zuen jaurtiketa indartsu eta on baten ondorioz. Gol bat behar zuen Lemoak titulua eskuratzeko eta, saiatu zen bai Arratiako taldea. Baina, ez zuten aurkariaren atea aurrean asmatu eta azkenean, Binissalem izendatu zen txapeldun.