Itxi

Eibar

3-0

Eibar, jaitsiera postuetan Vila-realen aurka galdu ostean

Erredakzioa

Talde armaginak 3-0 galdu du Zeramikaren zelaian, eta bolada txarrean jarraitzen du. Bakambuk sartu ditu partidako hiru golak.

  • Vila-real - Eibar. Argazkia: EFE

    Vila-realeko jokalariak Eibarri sartutako hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek 3-0 galdu du Vila-realen aurka (3-0) Zeramikaren estadioan, eta Ligako lehen zazpi jardunaldien ostean, jaitsiera postuetan da talde gipuzkoarra, 6 punturekin. Gironak eta Las Palmasek ere seina puntu dituzte, baina jaitsiera postuetatik kanpo daude.

Armaginek gogotsu ekin diote neurketari, eta lehen abagunea sortu dute Escalanteren erremate baten bitartez; kanpora joan da. Vila-realen erantzuna, Gasparren jaurtiketa baten bitartez iritsi da; gora joan da. Neurketako 25. minutuan, Bakambuk 1-0ekoa sartu du Vila-realentzat, eta maldan gora jarri zaio partida Eibarri. Atsedenaldira iritsi aurretik, bigarren gola sartzeko parada izan du Castelloko taldeak, baina Alvaroren jaurtiketak zutoina jo du.

Bigarren zatiko 50. minutuan, Triguerosek eman du lehen abisua, eta minutu bat geroago, Bakambuk 2-0ekoa egin du etxeko taldearentzat. Eibarrentzat zama astunegia izan da bigarren gola jasotzea, eta ez du abagune argirik sortu aldeak murrizteko. Norgehiagokako 74. minutuan, Arbillak penaltia egin dio Castillejori, eta Bakambuk 3. gola sartu du; hat-trick bat egin du horrela. Armaginak lur jota geratu dira hirugarren golarekin, eta Bakamburen laugarren gola eragotzi du Dmitrovic atezainak azken minutuetan. Amaieran, Eibarren porrot nabarmena: 3-0.

Fitxa teknikoa:

3. Vila-real: Barbosa, Mario Gaspar, Alvaro, Víctor Ruiz, Jaume Costa; Rodri, Trigueros (Soriano, 73. min), Castillejo (Ramiro, 82. min), Fornals; Bakambu eta Sansone (Bacca, 65. min).

0. Eibar: Dmitrovic, Capa, Lombán, Arbilla, Juncà; Rubén Peña (Jordán, 77. min), Escalante (Ribera, 82. min), D. García, Inui; Enrich eta Kike García (Charles, 67. min).

Golak: 1-0, 25. min: Bakambu. 2-0, 52. min: Bakambu. 3-0, 76. min: Bakambu, penaltiz.

Epailea: Melero Lopez.

> Melero Lopez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Eibar argazkiak