Eibar
Larunbatean, 13:00etan
Irabazi eta geldialdira lasaitasunez heldu nahi du Eibarrek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi porrot kateatu ostean, armaginek hiru puntuak nahi dituzte arazoetatik aldentzeko.
-
Eibar. Artxiboko argazkia: EFE
Jarraian bi porrot batu dituen Eibarrek Gironari egingo dio bisita larunbat honetan. Armaginak hiru puntuak erdiesteko asmo sendoarekin zelairatuko dira Montilivira, selekzioen partiden eraginez Ligan egongo den geldialdira lasaitasunez heltzeko xedearekin.
Gipuzkoarrek ez dute txarto lehiatu orain arte, gainera, hasierako bi neurketetan atzealdean erakutsi zituzten ahuleziak hobetu dituzte; alabaina, eraginkortasun ezak sufritzea eragin die Ligako hasierako txanpa honetan.
Joan zen urtean, Jose Luis Mendilibarren mutilek garaipen garbiak lortu zituzten Gironaren aurka, Ipuruan (4-1) zein Montilivin (1-4).
Zaldibarko entrenatzaileak Pedro Leon eta Gonzalo Escalante besterik ez ditu min hartuta; hori dela eta, anitzak izan daitezke Mendilibarrek buruan izan ditzakeen aukerak hamaikako titularra osatzeko garaian.
Hori bai, Eibarren buruak ez dauka taldearen jokamoldea aldatzeko asmorik; beraz, ikusteko dagoen gauza bakarra da ea armaginak fin dauden atzeko lerroan eta arerioaren area barrura egingo duten erdiraketa ugari horietako batean asmatzen duten.
Gironari dagokionez, zalantza dago Eusebiok 3-5-2 sistema edota 4-3-3koa hautatuko duen eibartarrei aurre egiteko. Lehendabizikoak arrakasta handiak ekarri zizkion talde katalanari Pablo Machin Gironakoen entrenatzailea zenean, eta biak txandakatu ditu Ligako lehen zazpi norgehiagoketan zehar.
Valladolideko entrenatzaileak aukeratzen duen sistema aukeratzen duela, argi dago Cristhian Stuani izango dela taldeko aurrelari nagusia. Uruguaitarrak sei gol sartu ditu ligako azken lau jardunaldietan, eta bigarren dago golegilerik onenaren sailkapenean.
Balizko hamaikakoak:
Girona: Bono; Pedro Porro o Marc Muniesa, Pedro Alcala edo Pere Pons, Juanpe, Bernardo Espinosa, Aday Benítez; Douglas Luiz, Alex Granell, Borja Garcia; Portu, Cristhian Stuani.
Eibar: Dmitrovic; Rubén Peña, Ramis, Bigas, Cucurerlla; Orellana, Diop, Sergio Alvarez, De Blasis; Enrich eta Kike Garcia.
Epailea: Eduardo Prieto Iglesias.
Futbol-zelaia: Estadi Municipal de Montilivi.
Ordutegia: 13:00.