Itxi

Eibar

0-0, Celtaren aurka

Eibarrek puntu bat bereganatu du Balaidosen

Erredakzioa

Talde armaginak golik gabe berdindu du (0-0) Celtaren aurka jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partida.

  • Beltran eta Orellana. Argazkia: EFE

    Beltran eta Orellana, Celta-Eibar partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek golik gabe berdindu du Celtarekin (0-0), Balaidosen jokatu duen Santander Ligako 21. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde gipuzkoarra 23 punturekin geratzen da sailkapenean.

Hasiera ona eman dio neurketari talde armaginak, lehen abagunea izan baitu, baina Orellanaren errematea Ruben Blanco atezainaren eskuetara joan da. Eibarren lehen aukeraren ostean, Celta egin da baloiaren jabe, baina Vigoko taldeak ez du lortu abagune argirik sortzea. Abisua eman du Celtak 19. minutuan, errematatzailerik aurkitu ez duen Iago Aspasen jokaldi on baten bitartez. Etxeko taldeak izan du baloiaren jabetza, eta Eibar sendo mantendu da defentsako lanean. Celtak abagune bikoitza izan du atsedenaldira iritsi orduko; Dmitrovic atezainak eragotzi du gola Santi Minaren jaurtiketa desbideratuta, eta MInak aldaratzea jaso ostean egin duen errematea atepetik atera du Pedro Bigasek.

Bigarren zatian ez da partidaren gidoia aldatu: Celta izan da baloiaren jabe, eta Eibarrek ondo eutsi dio aurkariari. Etxeko taldeak baloia ondo mugitu duen arren, ez du lortu talde armaginari min handirik egitea. Norgehiagokaren azken txanpara arte ez du abagune argirik izan Celtak; 82. minutuan, ordea, Olazak egin duen falta jaurtiketa ez da sare barrura sartu, zutoina jo ostean. Sei minutu beranduago, Rafinhak aukera bikaina izan du, baina Iago Aspasen pasea jaso ostean, gora bidali du jaurtiketa. Luzapenean, beste abagune bat izan du Vigoko taldeak, baina Dmitrovic atezainak baloia ozta-ozta ukitzea lortu, eta Denis Suarezek sare barrura bultzatzea eragotzi du. Amaieran, golik gabeko berdinketa Balaidosen.

Fitxa teknikoa:

0 Celta: Ruben Blanco; Kevin Vazquez (Hugo Mallo, 74. min), Murillo, Araujo, Olaza; Beltran, Okay; Santi Mina (Denis Suarez, 72. min), Rafinha, Pione Sisto (Toro Fernandez, 60. min); Aspas.

0 SD Eibar: Dimitrovic; Tejero, Burgos, Bigas, Cote; Sergio Alvarez (Cristoforo, 52. min), Edu Expósito; Pedro Leon (Diop, 74. min), Orellana, Inui (De Blasis, 64. min); Sergi Enrich.

Epailea: Gonzalez Gonzalez. Txartel horia atera dio Iago Aspas Celtako jokalariari.