Itxi

Eibar

19:30ean, Ipuruan

Eibarrek Leganes atzean utzi eta urrats handia eman nahi du mailari eusteko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Armaginen garaipenak Madrilgo taldearekin behin betiko aldea zabaltzea ekarriko luke.

  • Eibarreko jokalariek behin betiko garaipena nahi dute Leganesen aurka.

    Eibarreko jokalariek behin betiko garaipena nahi dute Leganesen aurka. Argazkia: EFE

Eibarrek mailari eusteko aukera paregabea du ostegun gaur (19:30ean), Leganesen aurka Ipuruan jokatu behar duen lehian, eta, bide batez, Madrilgo taldea Bigarren Mailara jaisteko zorian utziko luke.

Talde armaginak galdu egin ditu jokatutako azken bi neurketak: Osasunaren aurka etxean (0-2) eta Sevillaren kontra Pizjuanen (1-0), nahiz eta Andaluziara egindako bisitaldian berdinketa lortzeko zorian egon zen.

Pedro Leon, De Blasis eta Kike Garcia bezalako jokalari garrantzitsuek ez zituzten minutu asko jokatu azken partidan; beraz, atseden hartuta eta hasierako hamaikakoan egotea espero da.

Aitzitik, gipuzkoarrek Ivan Ramisen hutsunea izango dute. Arbilla ere arazo fisikoekin dago, eta zalantzazkoa da bere parte-hartzea, nahiz eta Mendilibarrek 24 jokalariko deialdian sartu duen. Hori bai, Zaldibarko entrenatzaileak jokalari bat baztertu beharko du deialdi horretatik neurketa hasi baino lehen. Halaber, Sergio Alvarez kanpoan geratu da bost txartel pilatu ostean.

Leganesek, bere aldetik, berebiziko garrantzia duen lehiari aurre egiteko prest bidaiatuko du Eibarrera; izan ere, garaipena lortuz gero, salbazioan sinisten jarrai dezake, eta, aldi berean, Eibar arazoetan murgilduko luke.

Une honetan, zazpi puntuko aldea dago bi taldeen artean; horrez gain, armaginek 1-2 irabazi zuten Butarquen, eta, ondorioz bien arteko gol kopurua aldeko dute, behin-behinean. Hala ere, madrildarrek irabaziko balute, eta, gainera, garaipen hori bi goleko errentarekin lortutakoa izango balitz, erabat estutuko litzateke egoera.

Lehia horri begira, Javier Aguirre entrenatzaileak ezingo ditu bere erasoko erreferente nagusietako bi erabili: Guido Carrillo eta Oscar Rodriguez. Aldiz, taldeko gainerako kideak jokatzeko moduan izango dira, besteak beste, aurreko jardunaldian zigorra bete zuen Roque Mesak zein luzaro lesionatuta ibili den Alexander Szymanowskik ere.

Balizko hamaikakoak:

Eibar: Dmitrovic, Cote, Bigas, Oliveira, Correa, De Blasis, Expósito, Cristóforo, Pedro León, Kike García eta Charles.

Leganes: Cuéllar, Ruibal, Awaziem, Siovas, Bustinza, Silva, Kevin Rodrigues, Amadou, Roque Mesa, Bryan Gil eta Guerrero.

Epailea: Prieto Iglesias.

Futbol-zelaia: Ipurua.

Ordua: 19:30.