Itxi

Eibar

1-1

Eibarrek atzerapausoa eman du salbazioa lortzeko lehian, Betisen aurka berdinduta

A. B. E. | EITB Media

Armaginen eta andaluziarren arteko Santander Ligako 36. jardunaldiko partida berdinduta amaitu da.

0
Eibar – Betis

Eibarrek eta Betisek 1-1 berdindu dute ostegun honetan Ipuruan jokatu duen Santander Ligako 36. jardunaldiko partida. Ondorioz, Gipuzkoako taldeak zail du salbazioa lortzea, jaitsieratik kanpo dagoen Huesca hiru puntura baitu.

Lehen abisua Eibarrek eman du Bravo atezainaren eskuetara joan den Expositoren jaurtiketa indarge baten bidez, baina neurketa maldan gora jarri zaio talde armaginari laugarren minutuan, Guardadok gola (0-1) sartu baitu area kanpotik jaurtiketa egin eta Atienza jo ostean Dmitrovic atezaina gaindituta.

Gola jaso ondoren, Eibar saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina ez da abagune argirik sortzeko gai izan. Betisek bigarren gola sartzeko aukera izan du 18. minutuan; Telloren jaurtiketa, ordea, Dmitrovicek desbideratu du, eta gola saihestu. Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak lehen 45 minutuetan egin duen jokaldi arriskutsuena 39. minutuan iritsi da, Kike Garciaren erremate baten bidez, baina kanpora joan da.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Eibarrek, eta defentsan lana eman dio Betisi. Aurkariaren areara erdiraketak eginez saiatu da gol aukerak sortzen talde armagina, baina ez du abagune argirik izan. Partidako 62. minutuan izan du lehia berdintzeko aukera Eibarrek; hala ere, Claudio Bravok eragotzi du armaginen gola, Sergi Enrichen erremateari erantzun bikaina emanda. Betisen erantzuna 72. minutuan heldu da, baina Dmitrovicek gelditu egin du Lorenen jaurtiketa.

Ez du etsi Eibarrek, nahiz eta gol bateko desabantailarekin zegoen norgehiagoka azken hamar minutuetan sartu denean. Armaginen ekinak saria jaso du 83. minutuan, Sergi Enrichek sartu duen golari esker (1-1); Correak jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, erdiratu, eta Sergi Enrichek sare barrura bidali du errematea.

Azkeneraino borrokan jarraitu du Eibarrek, eta 89. minutuan izan du garaipena lortzeko aukera, baina Atienzaren errematea kanpora joan da. Amaieran, puntu bana lortu dute Eibarrek eta Betisek.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic, Correa, Oliveira, Arbilla, Cote (Muto, 78. min), Bryan Gil (Kevin Rodrigues, 71. min), Diop (Recio, 46. min), Atienza, Exposito, Kike Garcia eta Enrich (Pedro Leon, 91. min)

1 - Betis: Claudio Bravo, Emerson, Bartra, Victor Ruiz, Alex Moreno, Guido Rodriguez, Guardado, Lainez (Ruibal, 64. min), Fekir (Canales, 78. min), Tello (Loren, 72. min) eta Borja Iglesias (Rodri, 72. min).

Epailea: Isidro Diaz de Mera. Txartel horiak atera dizkie Pape Diop (33. min), Paulo Oliveira (37. min) eta Rober Correa (52. min) Eibar taldeko jokalariei, baita Emerson (64. min) Betiseko futbolariari.

Golak: 0-1, 4. min. Guardado. 1-1, 83. min. Enrich.