Itxi

Eibar

LaLigaSmartbank

Edu Expositok azken minutuetan egindako golak garaipena eman dio Eibarri Sanseren aurkako derbian (3-2)

EITB MEDIA

Armaginak 2 eta 0 izan dira aurretik atsedenaldian, baina bigarren zatian Magunazelaiak eta Blascok binakoa jarri dute markagailuan. Hiru puntuak etxean geratu dira Expositok 89. minutuan egindako golarekin.

0
Eibar vs Real Sociedad B: SmartBank Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Eibarrek Sanseri irabazi dio Ipuruan LaLiga Smartbankeko 22. Jardunaldian jokatutako euskal derbian.

Bigarren minutua bete baino lehen egin dute lehen gola armaginek. Toño Garciak erdiratu eta Blanco Leschukek buruz errematatu du baloia, donostiarren ate barruan sartuz.

Donostiarrek aurrera egin dute berdinketaren gola lortzeko asmoz eta Karrikaburuk baloia sareetara bidaltzea lortu du 19. minutuan, baina jokaldia baliorik gabe utzi du epaileak aurretik jokoz kanpokoa egon dela adierazita.

31. minutuan, Blasco Leschukek egindako erdiraketa bat urruntzen saiatu da, baina zoritxarrez baloia bere atean sartu du. 2 eta 0ekoa izan da, Garitanoren taldearen alde.

Bigarren zatian, Eibar gogotsu atera da eta Xabi Alonsok aldaketak egitea erabaki du. Jon Magunazelaia sartu du zelaian eta horrek partidaren itxura aldatu du. Sartu eta berehala, Realeko jokalariak 2 eta 1ekoa egin du, VAR laguntzaile teknikoaren oniritziarekin.

81.ean, Blascok aurretik baloia bere atean sartuta egindako hutsa konpondu du, eta oraingoan baloia armaginen atean sartu du, binakoa egiteko.

Azkenik, 89. minutuan, Edu Expositok garaipenaren gola egin du Eibarrentzat, baloia urrutitik indartsu jaurtita. Hiru puntuak etxean geratu dira.

Fitxa teknikoa:

Eibar: Yoel, Tejero, Burgos, Atienza (Llorente, 86. min), Arbilla (Etxeita, 82. min), Toño García, Quique (Rober Correa, 46. min), Javi Muñoz, Expósito, Stoichkov (Fran Sol, 82. min) eta Blanco Leschuk (Rahmani, 69. min).

Reala B: Ayesa, Gabilondo (Martón, 92. min), Arambarri, Pokorny (Aldasoro, 70. min), Blasco, Martín, Sangalli (Aguirre, 92. min), Olasagasti, Navarro (Alkain, 70. min), Karrikaburu eta Garrido (Magunazelaia, 58. min).

Golak: 1-0, 2. min. Blanco Leschukek, buruarekin errematatuta. 2-0, 31. min Blascok, bere atean, 2-1, 61. min, Magunazelaiak. 2-2. 81. min. Blascok, 3-2, 89. min. Expositok.