Itxi

Eibar

SmartBank Liga

Eibarrek ezin izan du Albacete mendean hartu (1-1)

B. L. G. | EITB MEDIA

Lehen zatian penaltiz sartutako gol banarekin amaitu da partida. Azken minutuetan Eibar gogor ahalegindu da garaipenaren bila, baina Albacete fin ibili da defentsan.

  • Stoichkov

    Stoichkov. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek bana berdindu du Albaceteren aurka. Lehen zatian sartu dituzte bi golak, penaltiz. Kanpoko taldea aurreratu da eta atsedenaldirako minutu bat falta zela lortu du berdinketa talde armaginak.

Eibar - Albacete partidako laburpena

Lehen ordu erdian ez da gol aukera argirik egon, bi taldeak ondo ibili dira defentsan eta ez dute abagunerik eman. Hala ere, 29. minutuan, epaileak Eibarren aurkako penaltia eman du. Orduan aurreratu da kanpoko taldea, Maikel Mesa izan da jaurtiketa egiteko arduraduna eta barrura bidali du.

Bazirudien partida mugituagoa izango zela ordutik aurrera eta 5 minutu beranduago, beste aukera bat izan du Albacetek. Dubasinek, Albaceteko jokalari arriskutsuena gaurkoan, baloia langara bidali du txilenaz egindako erremate batekin.

Eibar ez da kikildu eta 39. minutuan izan du gola egiteko aukera garbiena. Blanco Leschukek ondo errematatu du erdiraketa baina baloia gutxigatik kanpora bidali du.

45. minutuan, ordea, Eibarren aldeko penaltia erakutsi du epaileak. Corpasek ez du hutsik egin eta atsedenaldiaren atarian berdinketaren gola lortu du.

Bigarren zatian erasoak eta aukerak biderkatu egin dira. 52. minutan Dubasinek izan du lehenengoa Albaceterentzat baina kanpora bidali du. Albacetek ez du izan beste aukera argirik.

Eibarrek ito egin du Albacete azken minutueatan. Garitanorenak erasora joan dira eta erdiraketaz erdiraketa, aukerak sortuz joan dira. 74. minutuan Stoikov gola egitekotan egon da. Baita Bautista ere, 79. minutuan, jaurtiketa ona izan den arren, atezainak baloia eskuekin hartu du.

Azken minutuak Eibarren erasoko bakarrizketa bat izan dira. Gola sartzea lortu ez duten arren, ondo lehiatu da talde armagina partida amaierara arte.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Luca Zidane, Tejero, Berrocal (Arbilla, 57. minutuan), Venancio, Imanol, Sergio Álvarez, Matheus (Aketxe, 46. minutuan), Corpas (Troncho, 72. minutuan), Javi Muñoz, Stoichkov eta Blanco Leschuk (Bautista, 72. minutuan).

1 - Albacete: Bernabé, Álvaro R. Djetei, Boyomo, Julio Alonso, Dubasin (Karim, 87. minutuan), Olaetxea (Sergi Maestre, 72. minutuan), Riki (Fran Álvarez, 72. minutuan), Maikel Mesa (Glauder, 60. minutuan), Manu Fuster (Juan María, 89. minutuan) eta Higinio.

Epailea: José Antonio López Toca. 28. minutuan Matheus Pereirari txarel horia erakutsi dio, hurrengo partida galduko du txartel pilaketagatik. Olaetxea (45. minutuan), Berrocal (48. minutuan), Tejero eta Venancio (50. minutuan), Boyomo (73. minutuan) eta Fuster (79. minutuan) ere zigortu ditu.

Golak: 0-1, 30. Minutuan, Maikel Mesa penaltiz. 1-1, 45+2. minutuan Corpasek penaltiz.