Itxi

Eibar

SmartBank Liga

Eibarrek irabazi egin dio Lugori Quique Gonzalezek luzapenean penaltiz sartutako golari esker (1-0)

EITB Media

Armaginek hiru puntuak bereganatu dituzte talde galiziarra mendean hartuta 1-0eko emaitzarekin. Quique Gonzalezek sartu du neurketako gol bakarra 91. minutuan.

  • Eibar

    Quique Gonzalez Eibarko jokalaria Lugori gola sartu ostean. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek hiru puntuak bereganatu ditu Lugori 1 eta 0 irabazita asteazken honetan (azaroak 2) Ipuruan jokatu duen SmartBank Ligako 14. jardunaldiko partidan, eta armaginak sailkapeneko laugarren postuan daude 25 punturekin, liderra den Burgosekiko bi puntura.

Eibar - Lugo partidako laburpena eta gola

Lugok hobeto ekin dio norgehiagokari, bi abagune argi izan ditu hasierako minutuetan, baina Galiziako taldeak barkatu egin du. Eibarren erantzuna 28. minutuan iritsi da Blanco Leschukek sartutako golaren bidez; epaileak, ordea, baliogabetu egin du pasea eman duen Imanol jokoz kanpo egon baita baloia jaso duenean. Area kanpotik ere egin du saiakera Eibarrek 32. minutuan, baina atezainak gola saihestu du. Atsedenaldira iritsi orduko, Lugok gola sartzeko aukera izan du; Corpasek baloia galdu du, Moyano area barruan sartu da, eta kanpora joan da Lugoko jokalariaren jaurtiketa gurutzatua.

Bigarren zatian, erasokor zelairatu da Eibar. Lugo atzean sartu da kontraerasora irteteko zain. Norgehiagokako 65. minutuan, epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du Torresek area barruan eskuarekin moztu baitu Corpasen jaurtiketa. Stoichkovek hartu du penaltia jaurtitzeko ardura eta Whalley atezainak gelditu egin du talde armagineko jokalariaren jaurtiketa.

Ekinean jarraitu du Eibarrek amaierara arte: 84. minutuan, Whalleyk euskal taldearen beste gol bat saihestu du gelditu bikaina eginda. Neurketa berdinketarekin amaituko zela ematen zuen, baina epaileak armaginen aldeko penaltia adierazi du 91. minutuan Ze Ricardok baloia eskuarekin jo duelako area barruan. Eibarren aldeko bigarren penaltian, Quqiue Gonzalezek ez du kale egin, 1-0ekoa jarri du markagailuan, eta garaipena eman dio Eibarri.