Eibar
HYPERMOTION LIGA
Balio gutxiko puntua lortu du Eibarrek Ipuruan (1-1)
G. P. A. | EITB MEDIA
Armaginak partida hasi eta jarraian ipini dira aurretik markagailuan, eta abantaila handitzeko hainbat aukera izan dituzte lehen zatian. Alabaina, ez dituzte aukerak baliatu, eta, azkenean, Albacetek puntu bat eskuratu du Ipuruan.
-
Jon Garcia eta Galarza, partida amaituta. Argazkia: SD Eibar
Eibarrek zapore gazi-gozoko berdinketa lortu du Albaceteren aurka Ipuruan jokatu duen partidan. Garaipena behar zuen, sailkapeneko goiko postuetara jauzi egiteko, eta puntu batekin konformatu behar izan du. Gainera, bi garaipen jarraian kateatu ezinik segitzen du irailetik, Hypermotion Ligan.
Armaginak laster jarri dira aurretik markagailuan, eta abantaila handitzeko hainbat aukera izan dituzte lehen zatian, baina ez dituzte baliatu, eta atsedenaldiaren ostean, Alberto Gonzalezen taldeak berdinketaren gola egin du eta emaitzari azkeneraino eutsi dio.
Partida hasi eta berehala jarri da Eibar markagailuan aurretik, Madariagak area kanpotik sartutako gol ederrari esker. Javi Martinezek area ertzetik jaurtitako faltak hesian jo du, baina aldaratzea Madariagari iritsi zaio, eta honek sarera bidali du baloia, zartako bortitz batekin.
Emaitza horrekin, armaginek lasaiago jokatu dute. Hurrengo minutuetan, Pascualek hiru aukera garbi izan ditu abantaila handitzeko, baina ez dituzte abaguneak aprobetxatu, eta, pixkana-pixkanaka, erritmoa jaitsi dute.
Albacetek, berriz, urrats bat aurrera eman du, eta Morcik eta Kofanek arriskua eraman dute Magunagoitiaren ate ingurura, azken metroetan asmatu ez badute ere.
Bi taldeetako bat ere ez da gai izan zelai erdia kontrolpean izateko, eta partida joan-etorrikoa izan da lehen zatian.
Eibar markagailuan aurretik joan da atsedenaldira, baina aldagelatik bueltan, Albacetek kolpea bueltatu dio, bigarren zatiaren hasieran berdinketaren gola eginda. Javi Rueda hegaleko defentsa arean sartu da eta ez du barkatu Magunagoitiaren aurrean.
Gol horrek indarra eman dio Albaceteri, eta garaipenaren bila joan da. Eibarrek minutu zailak igaro ditu orduan, denborarekin presioa gainetik kentzea lortu duen arren.
Horrela, Alkainek jaurtiketa ona egin du eta gutxigatik ez du gola sartu. Juxtuan izan bada ere, Lizoainek hankarekin atera du baloia, Eibarren bigarrena saihestuta.
Albacetek ere izan du gola egiteko beste aukera garbi bat, 75. minutuan, baina Morcilloren baloia kanpora joan da gutxigatik.
Horrenbestez, berdinketarekin amaitu da nahiko parekatua izan da norgehiagoka, eta, ondorioz, Eibarrek goikoak harrapatu ezinik jarraituko du beste jardunaldi batez.
FITXA TEKNIKOA
1 - SD Eibar: Magunagoitia, Corpas, Arambarri, Carrillo (Toni Villa, 83. min), Cristian, Javi Martínez (Sergio Álvarez, 46. min), Nolaskoain, Mada, Iván Gil (Alkain, 59. min), Puertas (Guruzeta, 75. min) eta Pascual (Galarza, 83. min).
1 - Albacete: Raúl Lizoain, Javi Rueda, Jon García, Pepe Sánchez (Ros, 84. min), Medina, Juanma, Javi Villar (Riki, 46. min), Pacheco (Nabil Touaizi, 69. min), Morci, Fidel (Rai Marchán, 69. min) eta Kofane (Quiles, 79. min).
Golak: 1-0, 4. min: Mada. 1-1, 49. min: Javi Rueda.
Epailea: Jose Antonio Sanchez. Txartel horia atera die ondoko jokalariei: Javi Villar, Javi Martinez, Pascual, Corpas, Guruzeta, Javi Rueda, Nabil eta Nolaskoain.