Itxi

Eibar

Hypermotion Liga

Eibarrek galdu egin du etxean, Deportivoren aurka (0-1)

Agentziak | EITB MEDIA

Navarro izan da partidako golegilea, lehen zatiko 30. minutuan. Armaginek berdinketa lortzeko aukerak izan dituzte, baina ez dute bisitarien atea zulatzea lortu.

  • Arbilla, partidako jokaldi batean. Argazkia: @SDEibar

    Arbilla, partidako jokaldi batean. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek galdu egin du, etxean, Deportivoren aurka jokatutako Hypermotion Ligako 25. jardunaldiko partida. Neurketako gol bakarra Ximo Navarrok egin du lehen zatian. Emaitza horri esker, Deportivok Eibar harrapatu du sailkapenean, baina bi taldeak Lehen Mailara igotzeko postuetatik urrun daude oraindik.

Norgehiagokako lehen aukera argia Deportivok izan du, Mario Soriano armagin ohiaren bitartez. Sorianok areaz kanpotik jaurti du, eta baloia kanpora joan da, ezkerreko zutoinaren ondo-ondotik.

Galiziako taldearen gola etorri da ondoren. Jokaldi nahasia izan da. Jaurtiketa eta aldaratze batzuen ostean, baloia Navarrori iritsi zaio, eta baloia ate barruan sartu du, Deportivo aurretik jartzeko.

Eibar erreakzionatzen saiatu da, eta 42. minutuan lehen zatiko aukerarik argiena izan du, Matheusek Alkaini emandako pasearekin, bana hondarribiarraren jaurtiketak Coruñako atezainaren aurpegia jo du.

Atsedenaldiaren ostean, Alkainek banakoa egiteko aukera izan du 65. minutuan. Depor bigarrena sartzear izan da 71.ean, eta 85.ean Pascualen burukadak zutoina jo du. 

Fitxa teknikoa:

0. Eibar: Magunagoitia, Cubero, Arambarri, Arbilla, Cristian (Arrillaga, 83. min), Nolaskoain (Javi Martinez, 62. min), Matheus (Bautista, 73. min), Alkain, Iván Gil (Mada 62. min), Puertas (Guruzeta, 73. min) eta Pascual.

1. Deportivo: Helton Leite, Navarro, Pablo V., Barcia, Obrador, Gauto (Mella, 63. min), Villares, Jose Angel, Yeremay (Pablo Martinez, 82. min), Mario Soriano (Herrera, 82. min) eta Barbero (Eddahchouri, 72. min).

Gola: 0-1. Navarro, 30. min.

Epailea: Manuel Angel Perez Hernandez. Madrilgo Barzordekoa. Bautistari txartela atera dio 92. minutuan.