Eibar
Hypermotion Liga
Eibarrek bide onetik jarraitzen du Almeriari irabazita (1-0)
EITB MEDIA
Partida hasi eta berehala, Matheusek aurretik jarri ditu armaginak, eta emaitzari amaierara arte eusten jakin dute.
-
Matheus Pereirak sartu du gol bakarra. Argazkia: @SDEibar.
Eibarrek 1-0 irabazi dio Almeriari ostiral honetan, Ipuruan, Hypermotion Ligako 30. jardunaldiari hasiera eman dion partidan. Partida hasi eta berehala, Matheusek aurretik jarri ditu armaginak, eta emaitzari amaierara arte eusten jakin dute.
Etxekoak bisitariak baino gehiago izan dira lehen minututik, eta hasiera on horrek bere saria izan du 6. minutuan, Matheusek 1-0ekoa egin duenean, Beñat San Joseren mutilek aurkaria ondo presionatu ostean.
Eibar eroso ibili da zelaian, eta Almeria, berriz, ez da arriskua sortzeko gai izan. 22. minutuan, Bautistak 2-0ekoa egin du, baina aurrelari gipuzkoarra jokoz kanpo zegoen.
Bisitarien aukera bakarra korner batean iritsi da, baina Magunagoitiak ondo erantzun du. Armaginek tematuta jarraitu dute, eta Corpas abantaila handitzeko zorian egon da, baina horren jaurtiketak zutoina jo du.
Almeriak hobera egin du bigarren zatian, eta arrisku gehiago sortu du, baina Eibarrek ondo eutsi dio eta garaipena lortu du azkenean.