Eibar
Hypermotion Liga
Berdinketa Ipuruan Magunagoitiak azken segundoan sartutako gol bati esker
EITB Media
Oviedo garaipena gozatzen ari zenean, atezain armaginak partidako azken jokaldian lortu du berdinketaren gola, baloia buruz sarera bidalita, eta zoramena piztu da Ipuruako harmailetan.
-
Magunagoitia atezainak sartu du Eibarren berdinketaren gola. Argazkia: SD Eibar
Jon Mikel Mugunagoitia atezainak sartutako gol bati esker bereganatu du Eibarrek puntu bat Oviedoren aurka gaur Ipuruan jokatu duen partidan. Neurketako azken jokaldian, atezain armagina gora joan da, eta ezker hegaletik ateratako falta, buruz errematatu du, baloia sarera bidaltzeko. Ordurako, Asturiasko taldeko jokalariak garaipena gozatzen hasiak ziren, eta ezusteko gol horrekin zoramena piztu da Ipuruako harmailetan.
Eibarrek hirunaka pilatu behar ditu puntuak etxean, baina gaurko berdinketak garaipen zaporea dauka, nola iritsi den ikusita, eta Ipuruan bildutako zaleek gogotik ospatu dute.
Beñat San Joseren taldea oldarkor hasi da, eta lehen aukera garbia 14. minutuan izan du, baina Aritz Aranbarriren burukada kanpora joan da, gutxigatik.
Lehendabiziko minutuetan, armaginak nagusi izan dira, eta Oviedok ez du arrisku handirik sortzeko ahalmenik izan.
Hala ere, partiduak aurrera egin ahala, indarrak parekatu egin dira, eta Paunovicen taldeak aurrerapausoa eman du.
Bigarren zatian, norgehiagoka ireki egin da. Eibarren aldetik, Puertasek, Pascualek eta Matheusek sortu dituzte gol aukerak, baina ez dituzte asmatu, eta, azkenean, Oviedo aurreratu da markagailuan, Almaok gola area barrutik sartuta.
Gol horrek min handia egin dio Eibarri. Edonola ere, armaginak berdinketaren bila joan dira, eta neurketaren azken txanpa tentsio handikoa izan da.
Estualdi horretan, 94. minutuan iritsi da Eibarren gola. Dena galduta zeukala ematen zuenean, Magunagoitia atezaina gora joan da, partidako azken jokaldian parte hartzeko, eta burukada bikain batekin sarera bidali du Ivan Gilek erdiratutako baloia. Ezustean, partidako heroia atezain armagina izan da. Partida 1-1 amaitu da, baina Eibarrentzat berdinketa honek garaipen baten besteko balioa dauka.
FITXA TEKNIKOA
1. Eibar: Magunagoitia, Cubero, Aranbarri, Nolaskoain, Cristian (Arrillaga, 83. min), Sergio Alvarez (Ivan Gil, 74. min), Matheus, Corpas (Guruzeta, 83. min), Javi Martinez (Alkain, 61. min), Pascual (Galarza, 83. min) eta Puertas.
1. Oviedo: Aaron, Nacho, Luengo, Dani Calvo, Lucas, Paulino (Pomares, 82. min), Sino, Colombatto (Cesar de la Hoz, 82. min), Seoane (Santi Cazorla, 77. min), Alemao (Viñas, 77. min) eta Hassan (Moyano, 68. min).
Golak: 0-1, 65. min: Alemao. 1-1, 94. min: Magunagoitia.