Eibar
HYPERMOTION LIGA
Eibarrek gol festarekin esan dio agur Ipuruari
G. P. A. | EITB MEDIA
Eibarrek 4-1 menderatu du Kordoba. Lehen zatian, Andaluziako taldea hobeto aritu da, baina armaginak oso eraginkorrak izan dira gaurkoan. Corpas, Bautista (2) eta Chema izan dira golegileak.
-
Bautista eta Corpas, gol bat ospatzen. Argazkia: SD Eibar
Eibarrek 4-1 irabazi dio Kordobari, Ipuruan jokatu duten Hypermotion Ligako azken partidan, eta, horrenbestez, hirugarren garaipena kateatu du jarraian. Corpas, Bautista (2) eta Chema izan dira golegileak.
Zaleek gol festarekin gozatu dute, baina emaitza engainagarria da. Egiari zor, Kordoba askoz hobeto aritu da lehen zatian, eta Eibar baino gehiago izan da. Areago, Magunagoitia atezaina izan da ordura arte onena.
Edonola ere, atsedenaldia baino lehen, talde armagina aurreratu da markagailuan, Corpasek zelai erditik gol ikusgarria sartuta.
Bigarren zatian, Andaluziako taldeak norgehiagoka berdintzea lortu du, Obolskiyk gola sartuta. Alabaina, berehala iritsi da Eibarren erantzuna. Bautistak egin du 2 eta 1ekoa, eta gutxi iraun dio pozak Kordobari.
Eibarren hirugarrena ere Bautistaren eskutik heldu da, kontraeraso batean, buruz. VAReko epaileak jokaldia berrikusi behar izan du, eta hainbat minutuz zalantzak izan badira ere, ontzat eman dute: 3-1.
Laugarren gola, berriz, neurketaren luzapenean sartu du Chema Rodriguezek burukada bikain batekin.
Beñat San Joseren taldeak Levanteren aurka jokatuko du ligako azken partida datorren igandean. Valentziako taldeak gaur ziurtatu du lehen mailara igotzea, Burgosi 2-3 irabazita.
Hortaz, bi taldeek ez dute ezer izango jokoan, nahiz eta Eibarrek bederatzigarren tokian amaitzea duen helburu eta, beraz, garaipena lortzen ahaleginduko da.
FITXA TEKNIKOA
4- SD Eibar: Magunagoitia, Cubero, Arambarri, Chema Rodriguez, Arrillaga, Sergio Alvarez, Matheus (Ivan Gil, 85. min), Corpas (Merquelanz, 85. min), Jorge Pascual (Puertas, 57. min), Guruzeta (Javi Martinez, 76. min) eta Bautista (Galarza, 85. min).
1- Kordoba: Marin, Isaac, Sintes, Marvel (Corbo, 46. min), Albarran (Calderon, 76. min), Alex Sala, Magunazelaia (Tounkara, 76. min), Ortiz (Theo, 46. min), Carracedo, Obolskiy eta Ander Yoldi.
Golak: 1-0, 42. min: Corpas. 1-1, 65. min: Obolskiy. 2-1, 66. min: Bautista. 3-1, 78. min: Bautista. 4-1, 90. min: Chema.
Epailea: Salvador Lax. Txartel horia atera die Corpasi, Marveli, Chemari, Albarrani eta Theori.